Euskara lagunarteko harremanetarako baliagarria ikusi dute

Guaixe 2023ko mar. 1a, 09:01

Iñigo Aritza ikastolako ikasleak taldetan ere aritu ziren. EUSKARA ZERBITZUA

Ibarreko DBHko 215 ikaslek euskarazko lagunarteko hizkera lantzeko saio batean parte hartu dute.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Lagunarteko hizkerarekin jolasean tailerra eskaini die ibarreko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei. Ikasturtean lau ikastetxek egin dute bere eskaintza eta saioetan Irurtzungo Atakondoa ikastetxeko DBH 2. mailako ikasleek, Andra Mari ikastolako  DBHko 4. mailakoek, Altsasu BHI institutuko DBH 2. mailakoek eta Iñigo Aritza ikastolako DBHko 3. mailakoek parte hartu dute. 

Saioak abendua eta otsaila artean izan dira, eta haiek dinamizatzeaz Ttakun kultur elkarteko hezitzaileak arduratu dira. Ikastetxe bakoitzeko ikasleekin bina ordu egon dira. Izaskun Errazkin Beltza euskara teknikariak azaldu duenez, “egitasmo honen helburua da gazteek euskarazko lagunarteko hizkera lantzea jolasen bidez, eta hizkuntzarekin jolasteko aukera izatea, horrela,  egoera informaletan euskarazko lagunarteko hizkera erabil dezaten animatzeko”. Gaineratu duenez, “saioek balio izan dute erakusteko euskararekin jolastu eta ondo pasa daitekeela. Bestetik, lortu nahi izan da gazteak euskarazko erregistro kolokiala erabiliz, gustura sentitzea”. Horretarako, besteak beste, adarra jotzea, hitz gordinak, ligatzea eta maitasuna adierazten duten esamoldeak landu zituzten. Errazkinek azaldu duenez, “ikasleek balorazio ona egin zuten”.