Binakako Txapelketako hasierako ligaxka despeditu da. Hamalau jardunaldi izan dira guztira, erresistentziako txapelketan.
Elordi eta Zabaleta izan dira lider argiak (12 puntu), eta Altuna III.a eta Tolosa bigarrenak (10 puntu). Bi bikoteak zuzenean sailkatu dira finalerdietarako. Finalerdietarako play-offetarako Peio Etxeberria-Rezusta (7 puntu), Laso-Imaz (7 puntu), Urrutikoetxea-Albisu (6 puntu) eta Peña II.a-Mariezkurrena (6 puntu) sailkatu dira. Eta txapelketatik kanpo Jaka-Aranguren (4 puntu) eta Ezkurdia-Martija (4 puntu) geratu dira.
Azken jardunaldian, Elordik eta Zabaletak ezin izan zuten irabazi Jakaren eta Arangurenen kontra Iscarren (Valladolid) jokatutako partida. Lehia oso borrokatuan, 22 eta 18 gailendu ziren Jaka eta Aranguren, eta garaipen horri esker sailkapenean azken postua utzi eta azken aurrekoak izan dira, zazpigarrenak. Txapelketa duintasunez despeditu du Baikoko bikoteak.
Aldiz, Ezkurdiak eta Martijak sailkapenean azken postuan bukatu dute, zortzigarren, igandean Eibarren Lasoren eta Imaz ordezkatu zuen Eskirozen kontra 22 eta 20 galdu ondoren. Sakandarrak hasiera bikaina izan zuten eta 16 eta 6 aurreratu ziren. Martija dominatzen aritu zen eta Ezkurdia erasoan ongi, baina Lasok eta Eskirozek partidari buelta ematea lortu zuten, Ezkurdiak kanpora bidalitako bi paretako baten ondoren sakea berreskuratu ondoren. Martijak behera egin zuen, Lasok jokoan sartzeko aukera gehiago izan zituen, eta buelta eman zioten. Ezkurdia eta Martija 17 eta 20 aurreratu ziren bukaeran, baina Lasok eta Eskirozek buelta eman zioten eta 22 eta 20 gailendu ziren, txapelketa sentsazio bikainekin despedituz. Sakandarrendako, ordea, trago latza.