Iragarria zegoen elurra egin zezakeela eta hala egin zuen atzo, otsailak 27, astelehena. Horrek errepide sarean eragina izan du. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Zudairitik Urbasara igotzeko autoek kateak behar dituzte eta egoera bera da Aralarko santutegira Baraibartik joateko errepidean. Foru administrazioak gaztigatu duenez, izotz plakak daude errepideetan eta kaleetan. Gaineratu duenez, tarteka elurra egin dezake gaur ere. Horregatik guztiagatik, tentuz gidatzeko gomendioa eman dute.
Atzo botatako elurragatik, goizean, tarte batez, Leitzarango Autobia (A-15) kamioiendako itxita egon zen bi norabideetan. Autoak pasatzeko aukera izan zuten. Gainontzeko errepideei zegokionez, foru administrazioak gaztigatu zuenez, Lezaun aldetik Lizarragako porturantz joateko kateak behar izan zituzten autoek eta kamioiendako itxita egon zen.