Osasunbideako erizainak eta fisioterapeutak gaur greba egitera deitu dituzte

Guaixe 2023ko ots. 28a, 08:55

Osasun kontseilari Santos Indurain Orduña eta bere lantaldea protesta artean Irurtzunen bilera batera sartzen. ARTXIBOA

Satsek "zehaztasunak" eskatu dizkio Nafarroako Gobernuari eta gaurko greba deialdiari eutsi dio. Ospitaletako eta osasun etxeetako ateetan elkarretaratzeak eginen dira 11:00etan. 

Nafarroako Osasun Departamenduarendako lan egiten duten ia 4.000 erizain eta fisioterapeutari gaurko greba deialdia egin die Satse sindikatuak. Hiru aldarrikapen nagusi dituzte deitzaileek: lan-gainkarga murriztea, konparaziozko bidegabekeriak bukatzea eta garapen profesionalerako neurriak.

Sindikatuko eta Osasunbideako ordezkariek atzo bilera egin zuten. Satseko kideek adierazi dutenez, “bilera politikoki zuzena izan da, eta administrazioa bere burua zuritzen saiatu da, arrakastarik gabe, bete ez dituen konpromisoen aurrean”. Gaineratu dutenez, “Osasun Departamentuak, beste behin, bere ospe galtzea eragin du eta hori izan da greba-deialdiaren eragilea”.

Aldarrikapenak 
Grebara deitu duen sindikatuak eskatu du “indarrean dagoen eredua ordezkatuko duen eredua, egungoa zaharkitua, medikalizatua, ospitaleetan zentratuegia, biztanleriaren zahartze masiboari, osasun zerbitzuen erabilera indiskriminatuari, gaixotasun kronikoen gorakadari eta esparru soziosanitarioaren premiei erantzuteko gai ez dena, gaur egun hain beharrezkoa eta abandonatua baita”.

Langileen funtzio eta gaitasunekin bat datorren erizaintzaren eta fisioterapiaren garapen profesionala lehenetsiko duen eredu baten alde egin dut Satsek. Horretarako, besteak beste, honakoak eskatu ditu: langile horien lan-baldintzak errespetatzea eta hobetzea, konparaziozko bidegabekeria guzti-guztiak kentzea, erizaintzako espezialitateetako lanpostuak garatzea eta sortzea, ikerketa, lidergoa edo zentroen kudeaketa bultzatzea, erizainen ratioak pazienteka egokitzea, borondatezko erretiro aurreratua ezarriz murrizketa ekonomikorik gabe, benetako familia eta lana uztartzea sustatzea edo, “behingoz, Nafarroako Funtzio Publikoan Bolonia Plana ezarriz, Erizaintzari zein Fisioterapiari, gradua garela eta A taldean egon behar dutela aitor diezaguten”.