Osasuna eskubidea dela aldarrikatu dute

Guaixe 2023ko ots. 28a, 10:26

Hurrengo bi ostiraletako kontzentrazioetan parte hartzera deitu dute.

Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko haurrendako pediatria zerbitzua martxan egotea exijitu dute.

Pediatria zerbitzuak Altsasuko osasun eskualdean lanpostu eta erdi ditu. Eta plaza horiek ez daude beteta. Horregatik, Sakanako Osasun Publikoaren Aldeko Plataformak eta guraso talde batek lanpostu horiek betetzea eskatu dute. Haien eskariak Altsasuko udaletxe parean elkartutako 300 bat pertsonak babestu zuten ostiralean. Gurasoek nabarmendu zutenez, “Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiako umeen osasun arreta eza berehala eta behin betiko konpontzea derrigorrezkoa da”. Gaztigatu zutenez, “gure pazientziak muga du; gure seme alaben osasuna lehentasunezkoa da”. Horregatik, Osasun Departamentuari “dagokion erantzukizuna betetzea eta oinarrizkoa den osasunerako eskubidea berreskuratzea eskatzen dugu, ez baitugu etorkizun hurbilean lanpostu hori beteko delako seinalerik edo zantzurik”. 

Elkarretaratzea deitu zuten gurasoen iritziz, “osasuna gure ondasun preziatuena da, eta, horregatik, osasuna galtzen dugunean hori berreskuratzea premiazkoa, urgentziakoa bilakatzen zaigu. Osasuna galtzen duen pertsona gure ardurapeko pertsona denean, gure erantzukizuna da hura bera zaintzea eta bera osatzea guretako berebiziko bilakatzen da”. Gurasoek azaldu dutenez, “orain artean, gure gizartearen oinarri eta eskubideetako bat osasun publikoa izan da”. Baina “azken hilabete edo urteetan osasun sistema horrek hainbat gabezi erakusten ari zaizkigu: beharrezkoak diren mediku eta langileria falta, oro har. Gabezi horiek konpontzeko bidean lanean eta borrokan dihardute hainbat profesional eta herritar, gure eskerrik beroenak horiei guztiei”. Elkarretaratzea despeditu zuten oroituz, Altsasuko osasun eskualdean pediatria lanpostuak bete gabe daudela.