Futbola

Lakuntzako derbia Etxarrirendako

Guaixe 2023ko ots. 28a, 12:00

Hotz handiarekin jokatu zuten Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek Zelai Berrin.

Preferente mailako 21. jardunaldian soilik Lagun Arteak ez zuen puntuatu

Preferente mailako 21. jardunaldiak 4 puntu utzi ditu Sakanan. 

Lakuntzako Zelai Berri zelaiak Lagun Artearen eta Etxarri Aranatzen derbia hartu zuen larunbatean. Hotz handia zegoen, baina zaleak derbia ikustera eta bere taldeak animatzera gerturatu ziren. Azken postua zegoen jokoan. Irabaziz gero, Lagun Arteak argi gorria izateari utziko zion eta Etxarri Aranatzek hartuko zuen bere lekua. Eta Etxarrik irabaziz gero, azkenarekiko aldea zabalduko zuen.

Bi taldeak garaipena lortzera atera ziren hasieratik. Partida lehiatua izan zen, bizia. 30. minutuan Endika Basasorok Lagun Arteari egindako penaltia jaurti eta lakuntzarrak aurreratu ziren markagailuan, 1 eta 0. Baina gutxi iraun zuen pozak, 5 minutu beranduago Mattin Altzelaik Lagun Artearen atea zulatu baitzuen, bana berdinduz. Une horretan sortutako nahasmenean Etxarri Aranatz hobeto murgildu zen eta 43. minutuan Javier Fernandez de Garaialdek sartutako golari esker 1 eta 2 aurreratu zen Etxarri Aranatz, lakuntzarren sufrikariorako. Orduan gertatu zen eguneko susto latza. Etxarri Aranazko jokalari batek erorketa latza izan zuen eta lepoan kolpea hartu zuen. Une gogorrak izan ziren, ezin mugitu gelditu baitzen. Mantekin ongi tapatu zuten eta anbulantziari itxaron. Minutu luzeak izan ziren, gainontzeko jokalariek zelaian ahal zuten moduan berotzen jarraitzen zuten bitartean. Anbulantziak jokalaria eraman zuen, txalo tartean, eta jakin ahal izan denez onik dago mutila, lepoan kontrakturarekin, baina ongi. Bigarren zatian Lagun Artea partidari buelta ematen saiatu zen baina Etxarrik ongi eutsi zuen eta 1 eta 2 galduta, 3 puntuak Etxarri Aranatzera joan ziren eta sailkapeneko azkeneko postua atzean uzteko urrezko aukera alferrik galdu zuen Lagun Arteak. 

Bestalde, Altsasuk Salesianos taldea hartu zuen Dantzalekun. Lehia oso bizia eskaini zuten bi taldeek. 36. minutuan Imanol Lobok gola sartu eta Altsasu aurreratu zen. Bigarren zatian partidak bere horretan jarraitu zuen eta Altsasuk Salesianosen erasoei aurre egin zien. 76. minutuan Salesianosek berdintzea lortu zuen eta horrek partida guztiz gogortzea ekarri zuen, bi taldeek garaipenagatik borrokatu baitzuten. 81. minutuan atzera ere Imanol Lobok Altsasu bigarrenez aurreratu zuen, eta Dantzalekun ia garaipena ospatzen ari zirenean, 89. minutuan, partida bukatzear zela, Salesianosek bina berdintzea lortu zuen. Puntu bati eutsi zion Altsasuk, baina garaipena hain gertu izanda, ez zuen garaipenaren zaporerik izan. 

Beste derbi baten atarian
Preferente mailako liderra Amigo taldea da (49 puntu), Universidad de Navarra 2 puntura duela (47 puntu). Altsasu hamargarren postuan dago (28 puntu) eta sailkapenaren behealdean Etxarri Aranatzek hamazazpigarren postuari eusten dio (13 puntu) eta Lagun Artea azkena da, hemezortzigarren postuan (9 puntu). 

Preferente mailako 22. jardunaldiak beste derbi sakandar bat dakar, Etxarri Aranatzek Altsasu hartuko baitu San Donato zelaian. Aldiz, Lagun Arteak sailkapenean seigarren den Lezkairu izango du aurkari Lezkairuko sotoan.