Maiz eta Gallo EH Bilduko Parlamenturako zerrendan

Guaixe 2023ko ots. 28a, 12:49

Eneka Maiz Ulaiar eta Oihana Gallo San Roman. ARTXIBOA

Koalizioko kideek berretsi beharreko zerrendan hirugarren  postuan ageri da etxarriarra eta hamabigarren postuan urdindarra.

Maiatzaren 28an udal hauteskundeekin batera Nafarroako Parlamentua osatzeko bozketa eginen da. EH Bilduko zuzendaritzak Parlamenturako hautagaitzako lehen hogei izenak zehaztu ditu (50 parlamentari aukeratzen direnez, zerrendak 50ekoak dira). EH Bilduk jakinarazi duenez, zerrendak osatzeko hautagaiak aurkezteko epea otsailaren 22an bukatu zen eta “proposamenik jaso ez zela baieztatu ondoren, EH Bilduk zerrenda proposamena luzatu zion bere kidegoari”. Hauteskunde zerrendari buruzko iritzia eman dezakete ostegunetik larunbatera.  

Koalizioaren Nafarroako Parlamenturako zerrendaburua Laura Aznal Sagasti izanen da. Haren ondoren urtetan Sakanako Mankomunitateko kudeatzaile kontu hartzaile izandako Adolfo Araiz Flamarique dago. Eta zerrendako hirugarrena Eneka Maiz Ulaiar da Etxarriarra 2015 eta 2019 artean Etxarri Aranazko alkate izan zen, eta aurreko legegintzaldian zinegotzi. Hamabigarren postuan, berriz, Oihana Gallo San Roman dago, Urdiainen zinegotzi izan zena 2007 eta 2011 eta 2015etik 2019ra legegintzaldietan. 

Ezaugarriak
EH Bilduk gaineratu duenez, Nafarroako Parlamenturako hauteskunde zerrenda proposamenak “esperientzia eta berritasuna uztartzen ditu, Nafarroaren ezagutza sakona eta Nafarroarekiko maitasuna ardatz nagusitzat hartuta”. Koaliziotik nabarmendu dutenez, “zerrenda osatzen duten pertsonek hiru ezaugarri nagusi dute komunean”. Haietako lehena gaitasuna da, “aurretik ditugun erronken aurrean konponbideak proposatzeko, herritarren eta kolektiboen eskutik”. Bigarren gaitasuna konpromisoa da, “EH Bilduren proiektu politikoarekiko, Nafarroarekiko eta nafar herritarrekiko”. Eta azkena ilusioa da, “gauzak aldatzeko, jendartearen ongizatean aurrera egiteko, Nafarroa burujabeago eta justuagoa eraikitzeko”.

Gaineratu duenez, zerrenda proposamena “EH  Bilduren proiektuaren aniztasunaren isla” da. “Hainbat arlo, lurralde, eremu eta jatorritako pertsonek osatzen dute eta azkeneko urteotan Nafarroako udalgintza aitzineratu duten alkate izandakoek paper garrantzitsua dute”, gaineratu du. Hori dela eta, zerrenda proposamenak “dugun indarra eta Nafarroarekiko anbizioa adierazi, eta eskuinari aurre egin eta aldaketaren norabidean urrats erabakigarriak emateko indarra eta bokazioaren isla” dela defendatu du EH Bilduk.