0-3 ziklorako lege integrala exijitu dute

Guaixe 2023ko mar. 2a, 09:06
Haur eskoletako langileek Iurñean eman zituzten azalpenak.

Nafarroa 0-3 Plataformak "inoiz baino beharrezkoagoa" jotzen du "hezkuntza publikoaren lehen zikloari eragiten dioten alderdi guztiak" biltzea. Ziklo publikoa, doakoa eta unibertsala "orain" exijitu du.

Nafarroako Gobernuak 0-3 arteko Haur Hezkuntzako lehen zikloaren doakotasuna lortzeko neurri bat iragarri zuen joan den astean: guraso bakarreko familiendako eta 27.900 eurotik beherako errenta dutenendako dohainik izanen da; gainontzekoendako 10 euroko beherapena iragarri zuen. Nafarroa 0-3 plataformako kideen iritziz, "neurri hori ez da nahikoa. Gobernuaren martxa horretan 17 urte gehiago beharko ditugu doakotasuna lortzeko". Gaineratu zutenez, aipatutako neurriek "ez dute bermerik; izan ere, toki erakunde bakoitzak udalerrian erroldatuta ez dauden familiei zenbateko bat kobratzeko eskubidea du, errenta maila edo guraso bakarreko egoera kontuan hartu gabe. Oraindik ere neurri diskriminatzaileak dira, eta plataformatik egoera hau salatzen jarraituko dugu".

Haur Hezkuntzako lehen zikloari buruz lortutako bosgarren akordioa, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren artean lortutakoa, "indargabetuta" gelditu dela nabarmendu dute plataformako kideek. "Bere garaian salatu genuen ez zela akordio ausarta izan, eta soldaten igoera, ratioen jaitsiera edo kudeaketa komunerako aurrerapena jasotzen dituen arren, ez du soldatak eguneratzeko inolako formularik ezartzen, ezta Europako ratioetarantz aurrera egiteko egutegirik ere, eta ez
da zikloaren kudeaketa komunaz hitz egin". Nafarroa 0-3 plataformako kideek begi onez ikusi dute ilbeltzeko soldata igoera: "soldaten umiliaziotik atera gara, baina oraindik bidea dugu egiteko". Gaztigatu dutenez, badaude oraindik igoera kobratu ez duten langileak. Gaineratu dutenez, "antzinatasunerako eskubidea izanik, langileen % 50ek baino gehiagok ez dute kobratzen, eta horren aurrean inork ez du ezer egiten". 

Joan den urteko greba eta mobilizazioekin publiko egin zituen eskakizunei eusten dio Nafarroako 0-3 plataformak. Eta horietako bat da hezitzaileek haien ardurapean dituzten umeen kopuruaren ratioak jaistea eta Europakoekin parekatzea "Nafarroako haurrek hezkuntza duina izateko eskubidea izan dezaten".