Areto futbola

Aralar Mendi eta Ibararte Xota, derbiaren atarian

Guaixe 2023ko mar. 2a, 12:00

Aralar Mendiren eta Ibararte Xotaren aurreko derbia Irurtzunen jokatu zen. XOTA

Areto Futboleko Hirugarren mailan talde uharte arakildarrak behetik gora egin du eta Irurtzungo Ibararte Xota, aldiz, beheranzko boladan

Asteburuan Hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketako hemezortzigarren jardunaldia jokatu zen. Ibararte Xotak Bonel Construcciones Ablitas taldea hartu zuen Irurtzungo Atakondoan, baina hasieratik partida maldan gora jarri zitzaion Ibararteri, lehen zatian bi gol sartu baitzituen Ablitasek.  Erriberakoek kontrolatu zuten partida, eta 29.  minutuan hirugarrenez zulatu zuten sakandarren atea. Partidaren bukaeran Ibarartek ohorezko gola sartu zuen eta markagailua zertxobait makillatu zuen. 3 eta 1 galduta, puntuak Ablitasera joan ziren. 

Aralar Mendik, aldiz, atseden jardunaldia zuen asteburuan, baina atzeratutako partida bat jokatu zuen, Ablitas taldearen kontra hain zuzen ere. Kasu honetan garaipena Uharte Arakilen geratu zen, Aralar Mendik 6 eta 4 irabazi baitzuen meritu handiko partidan.  

Derbiaren atarian
Hirugarren mailako txapelketako liderra San Juan da (35 puntu). Aralar Mendi zazpigarren da (25 puntu) eta Ibararte-Xota zortzigarren (20 puntu).  Egoera honetan, Aralar Mendi goranzko joeran dagoenean eta Ibararte Xota beheranzkoan, Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuak bi talde sakandarren arteko lehia hartuko du marsuaren 3an, ostirala, 19:45ean.