Udal eta kontzejuek 3,8 milioi euro jaso dituzte

Guaixe 2023ko mar. 9a, 11:22

Irurtzungo eta Arakilgo udaletxeak. ARTXIBOA

Foru gobernuak emandako diru hori beraien funtzionamendua eta zerbitzuak finantzatzeko izanen da. Lehen ordainketa da hori, agorrilean bigarrena eta azkena eginen du.

Nafarroako Gobernuak 289 milioi euro bideratuko ditu aurten udalerrien eta kontzejuen funtzionamendua eta zerbitzuak finantzatzeko, orain arteko kopururik handiena. Tokiko finantzaketa eredu berria joan den urtean indarrean sartu zen eta, ondorioz, funtsa % 12,2 handitu da, hau da, 2022an baino 31 milioi euro gehiago jasoko dute toki erakundeek. Udal eta kontzejuendako aurreneko ordainketa 125 milioikoa izan da. Haietatik Sakanako toki erakundeek 3.809.601,21 euro jasoko dituzte. 

Foru administraziotik azaldu dutenez, “lurralde nahikotasun, justizia eta solidaritate kontzeptuetan oinarrituta dagoen tokiko finantzaketaren eredu berria, tokiko erakundeak finantzatzeko inolako aurrekaririk ez duen egonkortasun baten ekarpenagatik bereizten da”. Zehaztu dutenez, “udalerrietara nahiz kontzejuetara bideratutako kopurua urteroko KPI gehi 2 puntu aplikatuz gauzatzen da”. Bestalde, “eredu berriak aurreko banaketaren araberako lurralde ezberdintasunak zuzentzen ditu; horretarako, udalerri txikien eta udal barrutiaren baitan sakabanatzea bereizgarritzat duten haien finantzaketa finkatu baita”.

Lehen ordainketa horren ondoren, aurreikuspenen arabera, agorrilean egingo da funtsaren bigarren ordainketa; tokiko erakunde bakoitzari dagozkion kopuruak arautuko dira eta gainerako zenbatekoa ordainduko da. Bestalde, jarduneko administrazio langileen eta mendekoen arabera Montepio Orokorraren defizitaren Finantzaketa Funtsari dagokion ordainketari nahiz Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzari ekingo zaio.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak proposatu du 8 milioi euro ematea udalei eta kontzejuei 2022an izandako energia gastuaren igoerari aurre egin ahal izateko, Ukrainako Gerraren ondorioz izandako prezioen igoeraren ondorioz. Banaketa toki erakunde bakoitzaren energia kostuaren igoeraren eta horri aurre egiteko duen zergagaitasunaren arabera ezarriko da.

Diruaren banaketa
289 milioi euroko kopurutik, 221,4 milioi udaletara eta kontzejuetara bideratuko dira, Finantzaketa Orokorraren Funtsa baliatuz, bere ohiko gastuei aurre egiteko. Bederatzi aldagai barne hartzen dituen banaketa formula berri horren arabera, 2.500 biztanletik beherako udalerrietan, herritarrendako banaketa proportzionala, tarteen araberako kopuru finko batzuekin hedatu da, horrela, udal guztiak, tamaina alde batera utzita, kopuru minimo batekin hornitu dira erakunde guztietan biztanle kopuruarekin loturarik ez duten gastu oinarri komunei aurre egiteko.

Beste 22 milioi euro tokiko erakundeen artean banatzen dira, Zerbitzuak Finantzatzeko Funtsaren bidez, 0-3 urteko arteko, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe Publikoetan eta liburutegietan ematen dituen zerbitzu ezberdinak kontuan hartuta.

Bestalde, Lurralde Kohesiorako Funtsa eratu berriak 17,8 milioi banatzea aurreikusten du Nafarroaren lurralde garapenean trakzio-zeregina duten udalerri haien artean. Funtsa honekin hornituko dira hogeita hamar udalerri, tartean Irurtzun eta Altsasu.

Bukatzeko, Montepioen Defizita Finantzatzeko Funtsaren 27,5 milioi euro esleitu dira Montepio Orokorraren nahiz Iruña, Tutera eta Tafallako defizit globalak finantzatzeko. Horrez gainera, Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioari dagokion esleipen bat erreserbatu da, aurtengoan ia 500.000 eurotara iritsi dena.

Toki erakundeen funtzionamendua eta zerbitzuak finantzatzeko lehen ordainketa
UDALERRIA / Kontzejua Kopurua
ARAKIL 138.398,92
Egiarreta 4.480,31
Ekai 2.239,29
Errotz 4.314,34
Etxarren 8.975,49
Etxeberri 3.621,57
Hiriberri Arakil 7.584,10
Ihabar 7.795,82
Izurdiaga 9.902,69
Satrustegi 3.004,46
Urritzola 1.147,16
Zuhatzu 2.480,50
IRURTZUN 498.531,30
IRAÑETA 38.303,59
UHARTE ARAKIL 155.004,43
ARRUAZU 27.787,80
LAKUNTZA 224.772,85
ARBIZU 224.006,26
ERGOIENA 68.008,23
Lizarraga 12.397,54
Dorrao 7.758,42
Unanu 6.421,01
ETXARRI ARANATZ 428.588,86
Lizarragabengoa 2.141,58
BAKAIKU 69.832,70
ITURMENDI 95.621,54
URDIAIN 127.554,63
ALTSASU 1.307.208,02
OLATZAGUTIA 249.468,08
ZIORDIA 72.249,72
GUZTIRA 3.809.601,21