Xabierko gazteluko bidean

Guaixe 2023ko mar. 3a, 09:41

Xabierraldiko elizkizun bat. UTZITAKOA

Martxoaren 4an eta 5ean eta 11n eta 12an Xabierraldiak ospatuko dira.

Martxoko lehenengo bi asteburuetan, eta Graziaren bederatziurrenarekin bat, Nafarroa osoko milaka erromesek Xabierko gaztelura doazen errepideak beteko dituzte, baita sakandarrek ere. Animatuenak ibarretik bertatik abiatuko dira, beste batzuk, berriz, Iruñerritik, Elotik edota Zangozatik. Erlijio sentimenduak bultzatuta, saindua gurtzeko helburuz abiatuko dira batzuk, kirola egitera besteak. Xabierko Gaztelura doazen eta makina bat pertsona biltzen dituzten erromesaldietarako aurten Xabier, bizia ematen duten topaketak leloa aukeratu dute. 

Grazia bederatziurrenak irauten duen bitartean, eta bi erromesaldi handien artean, Nafarroako pastoraltza eskualdeetako fededunen erromesaldiak ere izaten dira. Sakana hartzen duen Mendialdea eskualdekoa asteartean eginen da. Guztiak misioen patroi unibertsalaren omenez, Xabierko San Frantziskoren omenez eginen den elizkizunean elkartuko dira. 

Francisco Perez Gonzalez artzapezpikuak gogorarazi du Graziaren bederatziurrenarekin batera bukatuko dela Xabierko San Frantziskoren kanonizazioaren 400. urteurrena, eta harekin batera Frantzisko Aita Santuak izendatutako Urte Santua ere. 

Xabierraldiak 2023

Martxoak 4, larunbata

  • 17:00etan Erromesen harrera meza.

Martxoak 5, igandea. Lehen Xabierraldia

  • 08:00etan Gurutze bidea, Zangozatik abiatuta.
  • 10:00etan. Meza, Xabierko gazteluaren parean. 

Martxoak 6, astelehena

  • Fraideen Xabierraldia.  

Martxoak 7, asteartea

  • Mendialde eskualdekoen erromesaldia eta elizkizuna.
  • Militarren Xabierraldia. 

Martxoak 8, asteazkena

  • Lizarra aldekoen erromesaldia eta elizkizuna.

Martxoak 9, osteguna

  • Apaizen Xabierraldia. 

Martxoak 10, ostirala

  • Erdialdekoen erromesaldia eta elizkizuna. 

Martxoak 11, larunbata. Bigarren Xabierraldia

  • 15:00etan Gurutze bidea, Zangozatik abiatuta.
  • 17:00etan. Meza, Xabierko gazteluaren parean. 

Martxoak 12, igandea

  • Graziaren bederatziurrenaren akabera.
  • Erriberakoen erromesaldia eta meza.