Martxoaren 8an Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bat eginen du mugimendu feministarekin, elkarrekin "diskriminaziorik gabeko mundu bat" aldarrikatzeko. Emakumezko pentsiodunek azaldu dutenez, "feministekin batera borrokatzen ari garen aldarrikapenen zerrenda luzea dugu". Haietako bat soldata berdintasuna da. "Lan bera edo baliokidea egiten denean, soldatek berdinak izan behar dute. Feminizatutako lanen gutxiespenarekin bukatu behar dugu". Gaztigatu dutenez, "soldata arrakalak emakume langile pobreak eta erretiroan diru sarrera prekarioak dituzten adineko emakumeak sortzen ditu".
Emakumezko pentsiodunek nabarmendu dutenez, "pentsio duin baten alde ere borrokatzen gara". Pentsioa gutxienez 1080 eurokoa izatea aldarrikatu dute, baina zehaztuz "kopuru hori berrikusi" behar dela, "bizitzaren kostuaren errealitatera gehiago hurbiltzeko". Jakinarazi dutenez, Euskal Herrian 200.000 baino gehiago dira mila eurotik beherako pentsioak dituzten emakumezkoak, eta milaka eta milaka dira 700 eurora iristen ez direnak. "Ezin ditugu ahaztu pentsiorik jasotzeko eskubiderik ez duten adineko emakume guztiak", gaineratu dute.
Zaintzaz
Pentsiodunen mugimenduak "gizonen eta emakumeen zaintza partekatuko sistema bat" aldarrikatuko du asteazkenean. "Pertsona guztiendako zaintza sistema publiko unibertsal eta kalitatezkoa", aldarrikatu dute pentsiodunek, baina, zehaztuz: "zainketa lana lan gisa aitortu behar da, horrek dakartzan eskubide guztiekin". Pentsiodunen mugimenduko kideek "pertsona guztiek duintasunez zainduak izateko eskubidea izango duten sistema bat" nahi dute, "non emakumeek eta gizonek zaintzeko aukera izango duten. Zaintzak ezin dira ikusezin bihurtu edo gutxiesten jarraitu, eta erakundeek kontuan hartu eta duintasunez artatu behar dituzte, pertsonak zaindu gabe ez baitago bizitzarik".
Emakumezko pentsiodunek ohartarazi dutenez, "gaur egun gure denboraren zati handi bat bizitza mantentzen ematen jarraitzen dugu, gure familia ingurunean seme-alabak, bilobak edo beste senide batzuk zaintzen. Lan isil eta ikusezina, halakotzat ere hartzen ez dena". Nabarmendu dutenez, "gure zaintza beharrak aldatzen ari dira eta gero eta arreta handiagoa behar dugun adin batean gaude. Eta zaindu dugun modu berean, zainduak izatea nahi dugu, eta zaintza nola izan behar duen erabaki nahi dugu".
Nafarroako datuak
- 142.000 kontribuzio pentsio daude.
- 62.599 pentsio ez dira hilean 1.000 eurora iristen.
- 44.087 emakumezkok hilean 1.000 euro baino txikiagoa den pentsioa jasotzen dute.
- 75.000 nafarrek Bermatuko errenta jasotzen dute, 658 euro hilean (12 ordainketa).