Emakumeen kontrako indarkeria estetikoa eta bere ondorioak salatu dituzte udalek

Guaixe 2023ko mar. 8a, 09:12

Emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko jarduna koordinatzeko Sakanako I. lurralde-Protokoloa sinatu zuten Sakanako udal guztiek.

Toki erakundeek gaztigatu dutenez, "inposatzen den edertasun eredu hegemonikoa eskuraezina da eta gorputz eta emakume gehienei balioa kentzen die". Nabarmendu dutenez, "beste edertasun mota batzuk, askotariko gorputzak, hainbat errealitate eta emakume daude. Emakumeen askatasuna beren eskubideetan baitago eta ez haien irudian".

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, ibarreko udalek eta Sakanako Mankomunitateak Anitzak gara, orain askeak erakunde adierazpena onartu dute "emakume guztion aniztasuna eta ikusgaitasuna" aldarrikatuz. Aurtengoan toki erakundeek "emakumeen askatasuna etengabe baldintzatzen duten edertasun eredu femeninoetan oinarritutako genero estereotipoak" agerian utzi nahi dituzte, "gorputzen eta emakumeen aniztasunarekin bat ez datozen arau estetiko batzuk ezartzen baitituzte, askotan irrealak eta utopikoak direnak".

Udalek eta Mank-ek diotenez, "emakumeenganako presio estetikoa sistema patriarkalaren eta kapitalismoaren arteko aliantzaren adibide da". Toki erakundeek presio estetikoaren bi alde nabarmendu dituzte. "Batetik, emakumeei beti gorputz perfektua lortzeko zain egoteko eskatzen zaie, beren buruekin etengabeko asegabetasuna sortuz. Bestalde, helburu horiek lortzeko milioika produktu kontsumitzea sustatzen da eta horrek negozio handi bat sortzen du emakumeen gorputzen inguruan".

Ondorioak
Horren ondorio da "argaltasunean, perfekzioan eta betiko gaztetasunean oinarritutako gorputz femenino zehatz bat definitzen duten eredu horiek edertasun eredu hegemonikoa betetzen ez duten emakumeak ikusezin bihurtzen dituzte: adineko emakumeak, arrazalizatuak, lodiak, argalegiak, desgaitasuna dutenak, depilatzen ez direnak, burusoilak..." Gorpuzkera jakin horri buruzko mezuak etengabe sare sozial, publizitate eta entretenimendu industriaren bidez jasotzen ditugula nabarmendu dute. Horren ondorioz, "feminitate eredu normatiboa betetzen duten emakumeak bakarrik ikusarazten dira, eta horrekin batera haiek bezalakoak izatea lortzeko milaka produktu sustatzen dira".

Toki erakundeen azpimarratu dutenez, "gorputzarekin lotutako genero-estereotipoek bazterkeria indartzen dute hainbat esparru sozialetan eta harremanak oztopatzen dituzte, autokontzeptua, osasuna eta autoestimua kaltetuz, hau da, emakume eta neska askoren bizitzak kaltetuz". Udalek eta Mank-ek nabarmendu dutenez, "eskuraezina den gorputz baten idealen menpe jartzeak emakumeen bizitza ideal hori lortzeko borroka etengabe batera" bideratzen ditu, hau da, "beraien gorputzen, denboraren joanaren eta norberaren kontrako etengabeko borroka bat. Arrakasta sozialak, sexu-afektiboak, lanekoak eta abarrek lotura estua du edertasun kanonak betetzearekin". 

Gaineratu duenez, "presio estetikoarekin" lotura zuzena dute "buru eta gorputz osasun arazo garrantzitsuek, esate baterako, elikadura jokabidearen nahasmenduak, bereziki gazteei eragiten dietena". Lodifobiaz ere gaztigatu dute: "halako jokaerek gizarte eta osasun ondorio oso nabarmenak dituzte gorputzen aniztasuna kontuan hartu gabe haien gorputzak ez direla osasungarriak esaten zaien emakumeengan".

Hartutako konpromisoak 

  • Tokiko esparruan emakumeen osasun fisikoa eta emozionala eta harreman osasuna sustatzen duten politika publikoak bultzatzea.
  • Genero estereotipoen inguruan sentsibilizatzea eta edertasun eredu hegemonikoarekiko gogoeta kritikoak sortzea.
  • Emakumeen dibertsitatea ikusaraztea eta balioestea.
  • Aitortzea mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana.