Itaiako, emakumezkoen antolakunde sozialistako kideen iritziz, “emakume langileon bizi baldintzak okerrera doaz egunez egun”. Hori “sistema kapitalista eta haren dekadentziaren baitan ulertzen” dute. Izan ere, “gizarte kapitalistak, aurretiko ekoizpen harremanen ezaugarriak bereganatuz, geroz eta gehiago indartzen ditu emakumeon izaera debaluatua betikotzen dituzten erremintak, etekin ekonomiko eta politiko handienak ziurtatzeko”. Itaiakoen iritziz, horren ondorioa “pobretzea” da, baita “jasaten dugun indarkeria matxistak gora” egitea “aipatutako debaluazioaren mesedetan”. Horren adibide dira “hipersexualizazioa objektuen parera mugatzea, pornografiak eta only fans-en antzeko plataformek emakumeonganako eszena bortitzetatik zein emakumeen irudi ‘ederretatik’ etekinak lortzea”. Halakoak “geroz eta gazteagoak diren nerabeek kontsumitzen” dituztela gaztigatu dute.
Emakumezko sozialistek nabarmendu dutenez, “azaltzen ditugun fenomeno bat bera ere ez da modu independentean ematen, hau da, emakumearen zapalkuntzaren adierazpen hauek guztiak elkarren artean baldintzatzen dira, eta horregatik iruditzen zaigu hain beharrezkoa emakume langileak egitura kapitalistaren barruan betetzen duen rolaren azterketa osatua egitea, horri ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egin ahal izateko”.
Bi esfera
Horietan ikusten dute “emakume langileon aurkako zapalkuntza”. Batetik, ekonomiari dagokiona da. Emakumezkoek dituzten lan baldintzak okertu direla baieztatu dute Itaiako kideek, baita horiek zerrendatu ere: lan ordu partzialak, kontratuan onartu gabeko funtzioen ardura hartu beharra, ordaindu gabeko lanorduak… “Feminizatuak diren zaintza zein garbiketako sektoreetan, esate baterako, ratioak gehiegizkoak dira eta batez besteko soldata 900 eurokoa da. Horren bitartean, enpresen etekinak handitzen dira urtez urte”.
Esfera politikoari dagokionez, “lan zama dela eta, emakume askok politikoki antolatzeko oztopokoak dituzte eta bake klausula bezalako mekanismo juridikoen ondorioz haien eskubideengatik borrokatzeko beldur dira”. Itaiatik gaineratu dutenez, “egunerokoan gutxieneko zerbitzuekin lan egiten dugun langileok ez dugu grebarako eskubiderik, ezin dugulako greba bitartean %100eko gutxieneko zerbitzua bermatu”. Guztiak gizartea isla duela gaineratu dute: “jasaten dugun egiturazko biolentziak zuzenean eragiten dio kaleetan jasaten dugun indarkeriari: jazarpena, bortxaketak, gutxiago izango bagina bezala sozializatuak izatea...”
Itaiako kideek ziurtatu dutenez, “gure bizitzak etengabe okertzearen erantzuleak beren irabaziak eta estatusa mantentzearren sistema kapitalista iraunarazten duten horiek dira: enpresariak, politikari profesionalak eta haien konplize zuzen diren instituzio publikoak”. Estatuan “gobernu feministena dugun honetan, begi-bistakoa da gure egoeraren okertzea, hau hobetzeko duen ezintasuna eta borondate eza azaleratuz ahoa berdintasunez betetzen zaien bitartean”. Itaiakoek ziurtatu dutenez, “euren lege eta proposamenak muga batzuekin talka egiten dute, eta muga horiek ezartzen dituen sistema gaindituz soilik gainditu daitezke”. Aldi berean, kritikatu egin dituzte Espainiako Gobernuak hartutako hainbat erabakiren ondorioak: “seme-alabei jaten emateko supermerkatuetan lapurtu behar dutenen aurkako gero eta lege zigortzaileagoak, indarkeria matxistagatiko zigorrak larritasunez murriztea haren aurkako lege berriak dituen hutsuneengatik edota estatuko laguntzak jasotzeko geroz eta burokratikoagoak diren tramitazioak ogi apur batzuk besterik ez jasotzeko.
Antolakuntzarako deia
Itaiak Emakume langileok askatzeko, sozialismoa eraiki leloa duen manifestazioan parte hartzera deitu du, Altsasuko Foru plazatik abiatuko da asteazkenean, 20:00etan. Haien iritziz, “ongizate unibertsala lehen lerroan jartzen duen antolakuntza eredua aldarrikatzen dugu emakume langileon askapenerako bide bakartzat”. Izan ere, “zapalkuntzarik egon ez dadin berme egonkor bakartzat kontsideratzen dugu estatu sozialista, emakume guztion askatasuna -eta ez soilik sektore batzuena- lortzeko baldintzak jar ditzakeen gizarte antolaketa bakarra den heinean”.
Emakume sozialistek instituzioetatik kanpoko espazioetan parte hartzera eta politikoki antolatzera deitu dute. Asteazkeneko mobilizazioa “aldarrikatzen ditugun ideiak kalera eramateko moduetako bat baino ez da”. Haien artean honakoak daude: bizi baldintza berdinak denondako izan daitezela, lan guztien aitortza bermatu dadila, zaintza eta etxeko lanen sozializazio unibertsala, indarkeria matxistarekin bukatzea eta emakumeon sexualizazioarekin eta prostituzioarekin bukatzea, seme-alabak izateko baldintza sozial eta materialen bermea ziurtatzea, doako abortu unibertsala eta kalitatezkoa izan dadila, sexu eta ugalketa osasunerako doako eta kalitatezko zerbitzuen bermea bete dadila, erreprodukzioaren merkantilizaziorik ez ematea eta, azkenik, sexu identitate eta orientazio zapalduen aurkako erasoekin bukatzea.