Futbola

Dantzalekuko derbian puntu banaketa

Guaixe 2023ko mar. 7a, 10:38
Etxarri Aranatz.

Preferente Mailako 22. jardunaldiak bi berdinketa utzi ditu

Banakako berdinketa eta puntu banaketa. Hori da Preferente Mailan dabiltzan gure hiru taldeek izan duten emaitza. 

Etxarri Aranatzek Altsasu taldea hartu zuen larunbatean, marsuak 4, San Donato futbol zelaian, eta partida gogorra eta oso lehiatua eskaini zuten bi taldeek, euren zaleen gozamenerako. Etxarri eta Altsasu nor baino nor aritu ziren, baina atsedenaldia jotzear zegoela Aitor Floresek Altsasu aurreratu zuen eta Burundakoak gol baten aldeko errenta lortu zuten. Etxarri Aranatzek ez zuen etsi eta behin eta berriz saiatu zen, 77. minutuan Mattin Altzelaik banakako berdinketa lortu arte. Bukaerara arte paretasuna apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina partida banakako berdinketarekin despeditu zen. 

Lagun Arteak, aldiz, Lezkairuko Sotoan jokatu zuen marsuaren 4an, Lezkairuren kontra. Kasu honetan ere, partida borrokatua izan zen. 25. minutuan Lezkairukoek ate propioan sartutako golari esker aurreratu ziren lakuntzarrak, 0 eta 1. Errenta horri eusten saiatu zen Lagun Artea, baina bigarren zatia hasi eta berehala bana berdindu zuen Lezkairuk. Berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina ezin, eta puntu banaketarekin despeditu zen partida. 

Amigo taldeak jarraitzen du Preferente Mailako lider (49 puntu). Altsasu hamargarren da (29 puntu), Etxarri Aranatz hamazazpigarren (14 puntu) eta Lagun Artea hemezortzigarren, azkena (10 puntu). Asteburuan 23. jardunaldia dago jokoan. Altsasuk zortzigarren den eta arerio zuzena duen Lezkairu hartuko du; sailkapenean hamahirugarren den Itaroa Huarte B-ren kontra jokatuko du Etxarri Aranatzek, eta Lagun Arteak zazpigarren den Soto-Ibarbaso hartuko du.