Tokikom

TOKIKOMek 10. urteurrenerako jardunaldiak antolatu ditu

Guaixe 2023ko mar. 7a, 13:29

TOKIKOMeko kideak Arantzazun bilduta. ARTXIBOA

Getxoko ‘Olatua’ gurutzaontzien terminalean izanen da, martxoaren 24an. Jardunaldiotan lekua erreserbatzeko epea zabalik dago eta hilaren 17an itxiko da.

Aurten hamar urte betetzen dira euskarazko 76 toki komunikabide batzen dituen TOKIKOM taldea eratu zenetik (Guaixe fundazioa hasieratik dago), eta urteurrena ospatzeko gertuko kazetaritzaren inguruko jardunaldiak antolatu ditu taldeak. Komunikabideak etorkizuna ehuntzen lelopean, TOKIKOMek berak antolatu ditu jardunaldiok, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesaz, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntzaz.

Hausnarketa, aldarrikapena eta festa
Hiru horietatik izanen du 09:00etan hasiko den jardunaldiak. Hausnarketari dagokionez, hiru gai nagusi landuko dira. Aurrena, toki komunikabideek demokrazia sozialaren eraikuntzan duten garrantzia aztertzeko balioko du. Horretan sakontzeko, Britainia Handiko BBC telebista publikoaren Local Democracy Reporting eta Shared Data Unit esperientziak ezagutaraziko dira, korporazio publikoaren zein Erresuma Batuko toki komunikabideen ikuspegitik. Gainera, Norvegiako toki komunikabideen elkarteak bertako telebista publikoarekin duen lankidetza programaren berri ere emango du, eta TOKIKOMek EiTBrekin batera garatutako Saretzen egitasmoaren lehen fruituak aurkeztuko dira.

Gai teknikoagoetara jaitsita, kazetaritza eta aisialdia izanen da beste hizketagaietako bat. Hala, Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek Euskal Herriko gazteen eduki eta informazio kontsumoen ohituren berri emanen dute eta, gai horrekin lotuta, EiTB prestatzen ari den Primeran ikus-entzunezko plataforma publikoaren aurrerakin bat ere ikusi ahalko da Getxon.

Gai teknikoekin jarraituta, kazetaritza eta digitalizazioa ere hartuko dugu hizpide. Alde batetik, UNAVeko adituen eskutik Reuters Institutuaren Digital News Report txostena aztertuko da jardunaldietan, eta zer dioen mundu osoko eta Espainiako eduki eta albiste kontsumo ohituren inguruan. Gainera, tokiko kazetaritzan aplikatu daitezkeen adimen artifizialeko tresnen aukerak eta erronkak ere xehatuko dira.

Toki komunikabideen elkarteen manifestua
Atal akademikoa despeditu ondoren, aldarrikapenerako tartea ere izanen da jardunaldietan. Herrialde Katalanetako toki komunikabideen elkarteekin batera, toki komunikabideen elkarteen manifestu komuna sinatuko du TOKIKOMek Getxon, toki komunikabideen garrantzia aldarrikatzeko. 2022ko azaroan Kataluniako Premsa Comarcal elkarteak bere 40. urteurreneko ekitaldira gonbidatu gintuenetik, lankidetza dinamika etengabe izan da Katalunia, Valentzia, Mallorca eta Menorcako toki komunikabideen elkarteekin, eta aurrera begira lankidetza hori pausu jakinetan zehazteko lehen urratsa izango da manifestua.

Eguna bukatzeko, jardunaldiak TOKIKOMen urteurrenaren inguruko ikuskizun batekin borobilduko da eta, haren ondoren, elkarrekin mokadu bat hartu eta ospatzeko aukerarik ere ez da faltako.

Egitaraua

Erreserbak egiteko