Txirrindularitza

Euskaltel eta Kern Pharma, Vueltarik gabe

Guaixe 2023ko mar. 9a, 08:30

2.020an Vuelta Urbasako portutik pasatzen. CHARLY LOPEZ

Rural Kutxa-Seguros RGA eta Burgos BH-k jaso dituzte Vueltan aritzeko gonbidapenak. 

Espainiako Vueltako antolakuntzak, Unipublic-ek, atzo, marsuak 8, azaldu zuen aurtengo Vueltan parte hartuko duten taldeak zeintzuk izango diren. Hemezortzi UCI World Tour taldeei aurreko denboraldian UCI Pro Team mailan puntuazio onena lortu zuten bi taldeak –Lotto eta Totalenergies–, gehitu behar zaizkie, eta horretaz gain, UCI Pro Team mailako bi talde gonbidatu ditu: Burgos BH eta Rural Kutxa-Seguros RGA. Euskaltel-Euskadik eta Kern Pharmak ez dute gonbidapena jaso eta ezingo dute Vueltan parte hartu. 

2.022an Rural Kutxa-Seguros RGA taldeak ez zuen Vueltan aritzeko gonbidapenik jaso, aurreko hamar urteetan jarraian parte hartu ondoren. Sorpresa itzela eta kolpe latza izan zen Sakanatik sortutako taldearendako. Aurten, aldiz, Rural Kutxa-Seguros RGA taldea Vueltara itzuliko da eta Euskaltel-Euskadi eta Kern Pharma taldeak, aldiz, kanpo geratuko dira. Kolpe gogorra talde laranja zuzentzen duen Jorge Azanzarendako eta talde farmazeutikoko kirol zuzendari Pablo Urtasunendako eta bertako txirrindulari Igor Arrietarendako. 

Erreakzioak
“Vueltako azken bi edizioetan parte hartzea ohorea izan da. Aurten kanpotik jarraitzea dagokigu, baina lanean gogor jarraituko dugu etorkizuneko edizioetan bertan parte hartu ahal izateko” azaldu du Euskaltel Euskadik. “Orain arte izan dugun martxan jarraitu behar dugu lanean, ahalik eta hobekien egiten kontzentratuta, eta itxaropentsu etorkizunean ere berriz Espainiako Vueltan egoteko” gaineratu du 

Ildo beretik egin du Kern Pharma taldeak. “Triste gaude aurten Vueltan ez garelako egongo. 2.024an gonbidapena merezi ahal izateko lanean jarraituko dugu”. 

Aldiz, mezu pozgarria zabaldu du Rural Kutxa-Seguros RGA-k. “Oso eskertuta gaude Unipublic-ek gure taldearekin izan duen konfiantzarengatik, Vuelta gure taldearendako lasterketa garrantzitsuena baita. Eman diguten aukera eskertzeko guztia emango dugu” azaldu du Juan Manuel Hermandez taldeko managerrak, Vueltara itzultzea “berri pozgarriena” dela nabarmenduz. Rural Kutxa 2.022ko estatuko ProTeam talderik onena izan zela gogoratu du, bai garaipen kopuruen aldetik eta baita UCI-ren rankingeko sailkapenari begiratuta. 

Bestalde, hiru taldeek –Euskaltel Euskadi, Kern Pharma eta Rural Kutxa-Seguros RGA–  Euskal Herriko Itzulian parte hartzeko gonbidapena jaso dute.