Uharte Arakilgo Aralar Mendik Ibararte Xota talde irurtzundarra hartu zuen Hirugarren Mailako Areto Futboleko hemeretzigarren jardunaldian. Derbiak gatza eta piperra izan zuen hasieratik, bi taldeak oso gogotsu atera baitziren Larrebieta pilotalekura. Lehia estu eta zirraragarria eskaini zuten, etengabeko erasoekin. Horren isla, partidan sartu ziren hamar golak.
Partida bizi-bizi jokatu zen. Bi taldeek gol aukerak sortu zituzten hasieratik, baina bi taldeko atezainek ongi eutsi zuten hasieran. Lehen zatiko erdialdean Aralar Mendiko Mounir El Akkarik irurtzundarren atea zulatu zuen eta haizeak alde jotzen zuela aprobetxatuz, berehala bigarrena sartu zuen Jorge Mariñelarenak. Baina atsedenaldia baino lehen 2 eta 1 hurbildu zen Xota, partidako lehian jarraituz.
Bigarren zatian bi taldeek sekulako erakustaldia egin zuten. Erasora atera ziren bi taldeak, eta Aralar Mendi 3 eta 1 aurreratu zen Jon Iribarreni esker. Talde irurtzundarrak beharrezko hausnarketa egin zuen eta Oihanek sartutako golarekin 3 eta 2 gerturatu zen Xota. Hala ere, Aralar Mendik ez zuen etsi eta Iribarrenek 4 eta 2-koa ezarri zuen markagailuan. Ibararte Xotaren erantzuna ikusgarria izan zen: partidari buelta eman zioten, 4 eta 5 aurreratuz, Unai Gorostietak, Asier Gonzalezek eta Oier Martiarenak sartutako golei esker. Garaipena eskutan izan eta gero, Aralar Mendik ez zuen etsi nahi. Jon Iribarrenek bosnako berdinketaren gola sartu zuen partida despeditzeko bi minuturen faltan, eta nahiz eta azken minutuetan bi taldeak gogor saiatu, partida puntu banaketarekin despeditu zen. Areto futbolaren festa polita izan zen Uharte Arakilgoa.
Datorrena
San Juanek jarraitzen du Hirugarren mailako lider (38 puntu). Aralar Mendi zazpigarren postuan dago (26 puntu) eta Ibararte Xota zortzigarren (21 puntu). Aralar Mendik sailkapenean hamargarren den Olite taldea hartuko du marsuaren 11n Uharte Arakilen, 18:30ean. Eta Ibararte Xotak etxean jokatuko du ere, Irurtzungo kiroldegian, marsuaren 11n, 16:00etan. Sailkapenean laugarren den Kirol Sport izango du aurkari.