Pediatra eskaera, atzera ere, kalean

Guaixe 2023ko mar. 6a, 11:40
Pediatria zerbitzua ezartzea jartzea exijitzeko elkarretaratzea.

Altsasuko osasun eremuan pediatra plaza eta erdi bete gabe daudela salatu dute familiek 

Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko makina bat familiek bizi izan duten egoera da: gaixotutako haurrarekin Iruñeko San Martin osasun etxean edo Nafarroako Unibertsitate Ospitalean bukatzea beraien osasun eskualdean pediatrarik ez dagoelako. Zerbitzu hori ezar dadin aldarrikatzeko ostiraletan bilkurak egiten ari dira familiak, senideak eta hainbat herritar. Aurreko ostiralean ere osasun zerbitzu horren falta eta, horren ondorioz, galdutako denbora eta dirua salatu zituzten. Deialdia egin duten gurasoen batzarretik “utzikeria egoera hau bistaratzeko” erreklamazioak aurkezteko eskatu zuen. “Horren garrantzia azpimarratu nahi dugu”. Gogoratu zuten osasun etxean nortasun agiriarekin batera aurkez daitezkeela, edo online, osasun karpetaren bidez. 

Elkarretaratzearen deitzaileek jakinarazi zutenez, “esan digutenez, martxoaren 13an mediku bat etorriko da umeak artatzera. Astean hiru egunetan arituko da lanean: astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan”. Deitzaileek gogorarazi zuten Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia osatzen duten osasun eskualdeari pediatra eta erdi dagozkiola eta konponbide eskasa zela nabarmendu zuten. Azkenik, heldu den ostiralean eginen den kontzentrazioan parte hartzera deitu zuten.