Udal hauteskundeetan 121 zinegotzi aukeratuko dira

Guaixe 2023ko mar. 16a, 08:55

Botoa ematen. ARTXIBOA

Maiatzaren 28an Udal, Foru eta Kontzeju hauteskundeak izanen dira. Sakanako hamabost udal berrituko dira.

Duela lau urteko udal hauteskundeetan bezala aurtengoetan ere 121 zinegotzi aukeratuko dira Sakanako hamabost udaletan. Udal bakoitzaren zinegotzi kopurua biztanleriaren arabera erabakitzen da. Eta zinegotzi kopurua erabakitzen duen populazio mailetan aldaketarik ez denez izan, kopurua errepikatzen da. Izan ere, ehun pertsonako populazioa duten udalek hiru zinegotzi dituzte. Eta 101etik 250 bitartean bost zinegotzi dagozkie. Tamaina horretako udaletan hautesleek gogoko dituen hautagaien izen-abizenak markatzen ditu hauteskunde paperean: udal txikienen kasuan bi izen eta handiagoenen kasuan lau. Boto gehien lortzen dituzten hautagaiek osatzen dute udala. 

Biztanleria handiagoa dute udaletan zerrenda itxien sistema dago, eta hautagaitza bateko zerrenda osoari ematen zaio botoa. Hautagaitza bakoitzak lortzen dituen botoen arabera osatuko da ondoren udala. Sakanako udalen osaketari dagokionez, 251 eta 1.000 biztanle arteko udalek zazpi zinegotzi dituzte, 1.001 eta 2.000 artekoek 9, 2.001 eta 5.000 artekoek hamaika eta 5.001 eta 10.000 artekoek hamahiru. Azken kasua Altsasurena da, eta hamaikana zinegotzi dituzte Irurtzunek eta Etxarri Aranatzek. Bederatzina zinegotzi dituzte, berriz, Lakuntzak, Arbizuk eta Olatzagutiak. Zazpi zinegotzi dituzte zazpi udalek: Arakil, Uharte Arakil, Ergoiena, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain eta Ziordia. Azkenik, bosna zinegotzi aukeratu behar dira Irañetako eta Arruazuko udalak berritzeko. 

Udalerri bakoitzari dagokion zinegotzi kopurua
Udalerria Biztanleria Zinegotziak
Altsasu 7.504 13
Arakil 967 7
Arbizu 1.124 9
Arruazu 106 5
Bakaiku 355 7
Ergoiena 373 7
Etxarri Aranatz 2.506 11
Irañeta 167 5
Irurtzun 2.299 11
Iturmendi 420 7
Lakuntza 1.283 9
Olatzagutia 1.490 9
Uharte Arakil 791 7
Urdiain 636 7
Ziordia 346 7
SAKANA 20.367 121

 

Biztanlearen arabera nola banatzen diren zinegotziak
Biztanleak Zinegotziak
100 arte 3
101etik 250era 5
251tik 1.000ra 7
1.001etik 2.000era 9
2.001etik 5.000era 11
5.001etik 10.000ra 13
10.001etik 20.000era 17
20.001etik 50.000era 21
50.001etik 100.000era 25