Errigora berme zigilua mustutzeko aukera

Guaixe 2023ko mar. 20a, 13:01

Errigorako kutxak prestatzen. UTZITAKOA

Errigorak udaberriko kanpaina, 'Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura' martxan jarriko du. Nafarroako Erribera eta erdialdeko produktuak eskuratzeko aukera emanen du ekimenak. Lau balioko berme zigilua osatu dute.

Hemen da berriz Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina. Martxoaren 29ra arte, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak eskatzeko aukera izanen da. Olioa 2 eta 5 litroko ontzietan eskuratu daiteke eta gainontzeko produktuak dozena bateko sortetan. "Guztiak dira kalitate bikainekoak", ziurtatu dute Errigoratik. Produktu guztiak euskaraz etiketatuta daude. Gainera, ekoizlearen jatorrizko prezioan erosteko aukera eskaintzen du Errigorak. 

Hura osatzen dutenek diotenez, "aukera paregabea duzu etxeko despentsa betetzeko". Gaineratu dutenez, "kanpaina honetan parte hartuz, batetik, bertako elikagaien alde egingo duzu. Bestetik, euskara indartuko duzu. Aldi berean, auzolana bultzatuko duzu eta, azkenik, ekoizpenean bidezko harremanak sustatuko dituzu". Aurtengo udaberriko kanpainarako Bat egin Errigora Balioekin leloa aukeratu dute. 

Errigora balioak
Udaberriko kanpaina aurkeztearekin batera ekimenaren sustatzaileek Errigora Balioak berme zigilua ere aurkeztu dute. Azaldu dutenez, eskuratu daitezkeen produktu guztien etiketetan ikusgai izanen da Errigora Balioak berme zigilu hori. Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez, "berme zigilu horrek eskuratutako produktuak gutxienez lau balio dituela ziurtatzen du: Euskara, Auzolana, Bertakotasuna eta Nekazariekiko harreman bidezkoa. Deia egiten dugu beraz bestela kontsumitzeko, Errigora Balioen arabera kontsumitzeko: bertako elikagaien alde, euskaraz, auzolanean eta ekoizpenean harreman bidezkoak sustatuz". Gaineratu dutenez, "bultzada bat da ekoizleek elkarlanean hasitako Errigora Balioak identifikatzailearendako, abiapuntuko lau balioetan edota berrietan sakontzeko". Jakinarazi dutenez, www.errigora.eus/identifikatzailea webgunean berme zigiluari buruzko informazio osatua dago eskuragarri.  

Sarea
Urtero bezala ehunkada boluntarioren lanari esker eta AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartearekin batera ehunka herritan egin ahalko da olio, kontserba, lekale arroz eta pasta eskaera. "Produktu horiek eguneroko kontsumora ekartzeko eredu honi jarraikiz urte osorako despentsak betetzeko unea da", gaztigatu dute Errigorakoek. Eskaerak www.errigora.eus web orriaren bidez egin daitezke. Bestela, ohiko tokietan dagoen esku orria betez egin daiteke. 

Ordainketa txartel bidez eginez gero, 100 eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango duzu (erdia martxoan eta bigarren zatia apirilean). Hala egiten ez baduzu, dena batera ordainduko duzu, eskudirutan, produktuak jasotzean. Eskatutakoa apirilean jasotzeko aukera izanen da, besteak beste, honako egoitzetan: Irurtzungo Iratxo elkartean, Uharte Arakilgo udaletxean, Etxarri Aranazko udaletxeko estalopean edota AEK-k Altsasuko Gartzia Ximenez kalean duen Itsasi euskaltegian.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura udaberriko kanpaina guztia auzolanean antolatzen dela gogorarazi dute antolatzaileek. Hain zuzen, herriz herri informazioa zabaltzen, eskaerak bideratzen eta produktuak biltegiratu eta banatzen ari direnen lan boluntarioari esker, norbere herrian jaso daitezke produktuak ekoizlearen jatorrizko prezioan. Hau da, olio-errota edo kontserba-etxera joanda ordainduko zenukeen prezio berean.