Alvaro Ortega erroztarra eta Hodei eta Xabier Oskar Garcia etxarrendarrak pasio eta denbora pasatzat dute arroilen jaitsiera. Ostiralean, estreinakoz, Julen Larunbe izurdiagarra batu zitzaien eta
Elo herriko Diablozulon arroilen jaitsiera egitera joan ziren; 21 rappeleko arroila da. Lehen ere aritu izan da kuadrilla arakildarrak arroila hartan.
Laugarren rappelean zeudela, Hodei behe-behetik heldu zen animalia baten soinua entzuten hasi zen. Zenbait minutuz arroilan behera egin eta marraka ari zena zauritutako antxume bat zela ikusi zuen. Gauzak horrela, lagun arakildarrek antxumea erreskatatzea erabaki zuten, baina animalia beste hamar metro behera erori zen. Ondorioz, bosgarren rappela jaitsi behar izan zuten antxumea erreskatatu ahal izateko. Nolabait lasaitu zuten animalia, eta arroilen jaitsieran eskarmentu handien zuen Xabier Oskarrek lortu zuen animalia hartzea eta, hura besoetan zuela, bidean gora egitea. Lau arakildarrek erreskatea egiten hiru ordu eman zituzten; antxumea besotan zutela arroilan gora egitea zaila egin baitzitzaien. Arroilen jaitsieran estreinako aldia zuen Larunbe ere ederki aritu zen langintza horretan. Behin goian, guztiek atseden hartu zuten.
Gaur egun antxumea Ortegaren etxean dago, Errotzen. Hara iritsi bezain laster jatekoa eman eta toki lehor batean utzi zuten lotan. Laukoteak antxumea bataiatu ere egin du: Deabru.