Futbola

Preferente mailan, denetatik

Guaixe 2023ko mar. 14a, 12:25
Etxarri Aranatzek puntu bat ekarri zuen Uharte Iruñetik.

Altsasuk irabazi, Etxarri Aranatzek berdindu eta Lagun Arteak galdu egin zuen

Preferente mailako 23. jardunaldiak 4 puntu utzi ditu Sakanan. 

Altsasuk 3 puntu eder lortu zituen igandean Dantzalekun, Lezkairuri 1 eta 0 irabazi eta gero. 14. minutuan Unai Calvok Lezkairukoen atea zulatzea lortu zuen. Lezkairu partidari buelta ematen saiatu zen eta Altsasu abantaila gehiago lortzen, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. 

Etxarri Aranatzek Uharte Iruñean jokatu zuen, Itaroa Huarte B taldearen kontra. Kasu honetan lehia bizia izan zuen partidak. Lehen zatian bi taldeak kontrako atea zulatzen saiatu ziren baina markagailua ez zen mugitu. Bigarren zatia hasi eta berehala sortu zen mugimendua, 53. minutuan Itaroa Huarte aurreratu zenean. Etxarrik ez zuen etsi eta berehala, bi minutura, bana berdindu zuen Alain Alberdik. Hortik aurrera berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina ez zuten lortu eta puntu banaketarekin despeditu zen lehia. 

Bukatzeko, Lagun Arteak Soto Ibarbaso taldea hartu zuen Zelai Berrin. Partida oso mugitua izan zen hasieratik. Bigarren minutuan Ibarbaso markagailuan aurreratu zen, penaltiz. Lagun Arteak ongi erantzun zuen, zortzigarren minuturako Iñaki Berastegik bana berdindu baitzuen. Baina lakuntzarrak oraindik gola ospatzen ari zirela, 10. minutuan 1 eta 2 aurreratu zen Soto Ibarbaso. Hortik aurrera partidari buelta ematen saiatu ziren lakuntzarrak modu guztietara, baina ezin izan zuten. Eta 1 eta 2 galduta, puntuek Lezkairura ihes egin zuten. 

Datorrena
Preferente mailako liderra Amigo da (50 puntu), Universidad de Navarrari bi puntu ateratzen dizkiolarik (48 puntu). Altsasu zortzigarren postura igo da (32 puntu). Etxarri Aranatzek hamazazpigarren postuan jarraitzen du (15 puntu) eta Lagun Arteak sailkapena ixten du (10 puntu). Datorren jardunaldian sailkapenean seigarren den Soto Ibarbaso izango du arerio Altsasuk (marsuaren 18an, 16:30ean, Taxoareko 5. anexoan); Etxarri Aranatzek sailkapenean hamargarren den Burlades B hartuko du eta sailkapenean zazpigarren den Valle de Egües B taldearen kontra jokatuko du Lagun Arteak.