Tokikom

Nazioarteko puntako adituak TOKIKOMen 10. urteurreneko jardunaldietan

Guaixe 2023ko mar. 17a, 09:04

Toki hedabideetako ordezkariak aurreko jardunaldi batean. ARTXIBOA

Getxoko ‘Olatua’ gurutzaontzien terminalean izanen da, martxoaren 24an. Besteak beste Norvegia, Gales, Ingalaterra eta Herrialde Katalanetatik etorritako adituek parte hartuko dute

Euskarazko 76 toki komunikabide (Guaixe fundazioa barne) batzen dituen TOKIKOM taldeak martxoaren 24an ospatuko du bere 10. urteurrena. Horretarako, Komunikabideak etorkizuna ehuntzen jardunaldia antolatu du. Jardunaldiok antolatzeko, TOKIKOMek Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Getxoko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta EiTBren babesa izan du, eta Uribe Kostako Hiruka komunikabidearen laguntza.

10. urteurrena okasio berezia da zalantzarik gabe, eta hori azpimarratzeko, TOKIKOMek komunikazioaren alorreko punta-puntako adituak gonbidatu ditu Getxora, hala bertakoak nola nazioartekoak.


Toki-kazetaritza eta demokrazia soziala: Europako esperientziak
Komunikazioaren esparrua nazioarteko zein estatu mailako enpresa handiek
kontrolatzen duten testuinguru batean, tokian tokiko komunikabideak funtsezko eragileak dira demokrazia soziala bermatzeko. Printzipio horretan oinarritua, Europan zehar abian diren hainbat ekimen ezagutuko ditugu haien sustatzaileen ahotik.


Kazetaritza eta aisialdia: datuak eta proposamen berriak

Euskal Herriko Unibertsitateko IKUSIKER ikerketa taldeko kideek eta EiTBko ordezkariak hartuko dute hitza.


Kazetaritza eta digitalizazioa. Aukerak eta erronkak

Albiste digitalen kontsumoaz eta albisteen kontsumo ohiturak hizpide izanen dituzte


Toki komunikabideen elkarteen manifestua

Atal akademikoaz aparte, aldarrikapena ere ez da faltako martxoaren 24ko jardunaldietan. Hamargarren urteurrena aprobetxatuz, eta azaroan Bartzelonan hasitako bideari jarraiki, toki komunikabideen beste bost elkarte gonbidatu ditu TOKIKOMek ekitaldira: Associació Catalana de Premsa Comarcal, Associació de la Premsa Comarcal Valenciana, Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana, Associació de Premsa Forana de Mallorca eta Associació de Premsa Local de Menorca.

Sei elkarteek batera, Toki komunikabideen elkarteen manifestua sinatuko dute Getxon. Manifestuan, alde batetik, toki komunikabideen eta beraien jardueraren garrantzia azpimarratuko dute, eta bestetik eskari zuzena egingo diete Espainiako Estatuko administrazio publikoari, toki komunikabideen sektorea kontuan hartu dezaten hala publizitate instituzionalaren nola diru-laguntzen banaketan.

Izen ematea
Jardunaldiak, esan bezala, martxoaren 24an izango dira, Getxoko ‘Olatua’
gurutzontzien terminalean. Izena emateko epea gaur despedituko da.