Pediatria zerbitzua eskatzen segituko dute

Guaixe 2023ko mar. 13a, 11:28

Hurrengo ostiraletan 19:00etan eginen dira elkarretaratzeak.

Altsasuko osasun eskualdeari dagozkion plaza eta erdia bete dezatela eskatzeko bilkurek segida izanen dute.

Hiru ostiraletan Altsasuko udaletxe parean elkarretaratzeak egin ondoren, pediatria zerbitzuko gabeziak konpondu ez direnez, bilkurak deitu dituen guraso taldeak haiekin segitzea erabaki du. Izan ere, bide ofizialetatik kanpo jakin zuten mediku bat hasiko zela lanean pediatrian eta astean hirutan artatuko zituela haurrak martxoaren 13tik aurrera. Ostiralean jakinarazi zutenez, halakorik ez da izanen, eta, beraz, Altsasuko, Olatzagutiko eta Ziordiko haur eta nerabeak artatuko dituen profesionalik ez dago. Horregatik, eta egoera konpontzen ez den bitartean, gurasoek elkarretaratzeekin segitzea erabaki dute. Hori bai, ordua aldatu dute: orain arte ostiraletan 18:00etan bazen, hemendik aurrera ostiralean 19:00etan izanen da. 

Bestetik, erreklamazioak egitera animatu dute. Jendeak aurkezteko oinarrizko testua aldatu dute. Hartan zehaztu dute pediatra ez izateak zer ondorio dituen. Esaterako: haur gaixoa pediatrara Iruñera eramatea guraso eta haurrendako zer ondorio dituen; jaioberri bati 15. eguneko azterka pediatra batek Iruñean egiten du, baina gainontzekoak ez, eta itxaron zerrenda batean gelditzen ari dira; gaixotasun kronikoak dituzten haurrek ez dute tratamenduen jarraipena izaten ari;  ez da detekzio goiztiarra egiten ari...