Etxeberri eta Lekunberri gasbide batekin lotu nahi dute Aralar mendian barna. Nedgia enpresak sustatu du. Gasbidearen mendian barnako trazatu horren kontra dauden herritarrak Aralar Zain Dezagun plataforman elkartu dira eta “aldarrikapena ozen” entzunarazteko beste pauso bat emanen du: martxoaren 25ean, larunbatarekin, 18:00etan manifestazioa deitu dute Lekunberrin.
Aralar Zain Dezagun-eko kideek azaldu dutenez, “Nafarroako Gobernuari, Nasuvinsari, alternatiben inguruko hainbat txosten eskatzerakoan, agerian gelditu zen ez zutela beste alternatibarik lantzeko asmorik”. Ziurtatu dutenez, Aralarren barnako gasbide proiektua “erabat suntsitzailea” da. Eta gogorarazi dute Larraungo eta Arakilgo udalek “teknikoki bideragarria den alternatiba bat proposatu” dutela. Hura Plazaolako bide berdean barna joanen litzateke.