Maitena Ezkutari Artieda Turismo zuzendari nagusia eta Mikel Irujo Ametzaga Ekonomia eta Enpresa Garapeneko kontseilaria Altsasun izan ziren hilaren 10ean. Bisitaren arrazoia izan zen Plazaola, Ultzamaldea eta Sakanarako ondu den 2023-2026 Jasangarritasun Turistikoko Plana aurkeztea. Haiekin elkartu ziren, besteak beste, Altsasuko, Lekunberriko eta Larraungo udaletako ordezkariek, bai eta Cederna, Plazaola Turismo Partzuergo, Sakanako Garapen Agentzia, Bidelagun Turismo Elkarte, Aralarko santutegi, Mirua enpresa eta Ayestaran hoteleko ordezkariak ere.
Gobernuko kideek azaldu zutenez, aurki indarrean jarriko den plana Next Generation funtsek finantzatuko dute (bospasei milioiko aurrekontua du planak). Horri esker, hurrengo hiru urteetan helmuga bateratu bulkatuko dute hiru eskualdeek. Azaldu zutenez, “eskaintza bereizia, kalitatezkoa eta lehiakorra izanen du, eta turismo jardueraren egungo joerekin eta lurraldearen eskari eta beharrekin bat egiten duena”.
Ezkutarik eta Irujok azaldu zutenez, planaren ardatz nagusiak dira, batetik, helmuga eta haren azpiegiturak klima aldaketara egokitzea, Plazaolako bide berdean uholdeen eragina prebenitzeko eta zuzentzeko neurriak hartuz. Bestetik, energia eraginkortasuna eta irisgarritasuna hobetzea xenda eta bizikleta bideetako zerbitzu guneen sarean (hiru eskualdeetako natur bideen lotura egin eta eskualde sarea sortzea). Eta, azkenik, turismo produktu berriak garatzea eta sustatzea. “Jarduera ardatz horiek guztiak eskualdeetako turismo baliabide nagusiekin garatuko dira”, azaldu zuten gobernuko kideek. Horien artean zerrendatu zituzten Donejakuerako jatorrizko bidea, Altsasuko Dantzalekuko hariztian bide irisgarria, Mendukiloko haitzuloa edo Basaburuko hariztia.
Gobernuko ordezkariek azaldu zutenez, “planaren helburu nagusia turismo helmuga erresiliente eta jasangarri bat eratzea da, azpiegiturak klima aldaketaren ondorioetara egokituz, bereziki uholdeen arrisku eta eraginen aurrean, eta ekipamenduen eta azpiegituren energia-eraginkortasuna sustatuz”. Planak ere lurraldeko espazio eta baliabide naturalen erabilera ere hobetu nahi du, “toki batzuetan sortutako nahi gabeko ondorioak zuzentzeko”. Aldi berean, Plazaola, Ultzamaldea eta Sakana “zikloturismoaren eta naturaren helmuga gisa kokatu eta turismo produktu iraunkorren garapena bultzatzea zikloturismoaren, mendi ibilien, kirol tradizionalen, ondarearen, hizkuntzaren (euskara) eta gastronomiaren inguruan”. Azkenik, planarekin lortu nahi dute hiru eskualdeek “turismo helmuga irisgarria sustatzea eta hura kudeatzeko eredu berri bat garatzea, arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan oinarrituta”.