Udalerri euskaldunetako gazteendako udalekuak prest

Guaixe 2023ko mar. 22a, 10:31
Haurren aurrean helduak heldu ekimenean gurasoak eta umean. ARTXIBOA

Udaleku ibiltaria da eta bederatzi eguneko iraupena du.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) kide diren herrietako gazteendako udalekuak antolatu ditu. Garagarrilaren 26tik garilaren 4ra izanen dira. Udaleku ibiltaria izanen da eta parte hartzaileek Orozkotik Dimarako bidea eginen dute. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udalekuen helburua. 2005 eta 2008 urteen artean jaiotako 120 gazte elkartuko dira. Udalekuan izena emateko epea hilarekin batera despedituko da. 

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du UEMAk, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz aparte.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatu eta ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin.