Eduardo Brun

"Irulegiko Eskuak artisautzaren ikuspegitik balio handia du"

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko mar. 22a, 14:16
Forjas Bruneko Eduardo Brun eta Raul Serrano, beraiek egindako Irulegiko Eskuekin.

Izurdiagako Forjas Bruneko Eduardo eta Gerardo Brun anaiek eta Raul Serranok Irulegiko Eskuaren erreprodukzioak egiten dituzte, artisau eran eta jatorrizkoaren tamaina berean.

Bi mila urtez egin den artisau lana goraipatu nahi dute.

1. Nola sortu zen Irulegiko Eskuaren erreprodukzioak egiteko ideia?
Aurkikuntzaren ondoren, jende guztia hasi zen eskuak egiten, larruzkoak, zilarrezkoak eta abar. Baina inork ez zuen metalez, jatorrizko materialean, egiten. Pentsatu genuen duela bi mila urte baino gehiago egiten ziren moduan egitea, eta burdinazkoak egiten hasi ginen. Jendeak uste du aurkitutakoa berdez margotuta dagoela, baina ez da horrela. Brontzezkoa da, eta brontzea herdoiltzen denean, kolore berdea hartzen du.

2. Noiz hasi zineten?
Iruñeko Geltokin abenduan antolatu genuen azoka baterako egin genituen. Azaroaren bukaeran hasi ginen egiten.

3. Zein da prozesua?
Dena eskuz egiten dugu. Garai hartan bezala egiten dugu, Aldatzen den gauza bakarra da mozteko modua. Horregatik, denak desberdinak ateratzen dira. Lamina edo txapa batean, Diario de Noticiasek argitaratutako tamaina errealeko irudi batekin plantilla egin genuen eta hori erabiliz, markatzen ditugu eskuak. Gero plasmarekin mozten ditugu, eta lisatzen ditugu. Batzuek balio dute eta beste batzuek, berriz, ez. Gero, hizkiak jartzeko, punzoi batekin eskuz lantzen ditugu. Jarraian, kolorea ematen diogu, ahalik eta antzekoen lortu arte. Ezinezkoa da berdinak izatea. Brontzezkoak egitea erabaki genuen, nahiz eta garestiagoak izan, horietan letrak askoz hobeto ikusten baitira. Batzuek garrantzi handia ematen diote hizkiak ondo irakurtzeari, eta beste batzuek, berriz, nahi izaten dute jatorrizkoaren ahalik eta antzekoen izatea. Aurkitutakoak koskak ditu denboraren igarotzeagatik; jatorrian ertzak zuzenak izango ziren, eta guk horrela egin ditugu.

4. Zenbat denbora behar duzue esku bat egiteko?
Esku bakoitza egiteko ordu eta laurden edo ordu eta hogei minutu inguru behar izaten dugu. Hizkiak lantzea ordu erdi inguru kostatzen zaigu.

5. Proba asko egin zenituzten?
Egin genituen, bai. Hasieran, milimetro bateko txaparekin edo milimetro eta erdiko txaparekin egin genituen probak. Txaparen lodiera oso kontuan hartu behar izan dugu, kopia ahalik eta zehatzen izateko. Beraz, esku asko egin behar izan genituen.

6. Zenbat egin dituzue?
Hasi ginenetik ehun bat. Behin burdinazkoak ongi ateratzen zirenean, brontzezkoak egiten hasi ginen.

7. Harrera ona izan dute, ezta?
Oso ona. Iruñeko jende askok erosi ditu, baita Bizkaiko jende ugarik ere. Opari bat egiteko izugarriak dira. Saldu dira eta ongi dago abenduan eta urtarrilean lana jaisten delako. Harrera ona izan dute prozesuagatik; artisau lana delako, eskuz egindakoak. Burdinazkoak 35 eurotan saltzen ditugu eta brontzezkoak, 60 eurotan, materiala garestiagoa baita. Kontuan izan behar da artisau lan bat dela, eta horri ere garrantzia eman behar zaio. Une honetan, Arruazuko Ostatuan, gure tailerrean edo webgunean eros daitezke. Nahi duzun pieza hautatzeko aukera dago, kolorea, koskak eta abar aldatu daitezkelako. Beraz, zuk aukeratutakoa zure eskua izango da

8. Enkarguak hartzen dituzue?
Norbaitek beste tamaina batean nahi badu, ikusiko genuke. Istorio bitxi bat dugu eta da Iparraldeko arkeologo batek deitu zigula esanez Interneten esku asko ikusten zituela eta oso politak zirela, baina ez daudela lehen bezala eginak. Horregatik, gurea interesgarria iruditu zitzaion.

9. Zuen ustez, zer balio du eskuak?
Arkeologikoki eta euskararen aldetik balio handia du, baina artisautzaren ikuspuntutik ere balio izugarria dauka. Jendea agian ez da konturatzen, baina ari gara duela bi mila urte baino gehiago ez dakigu nork eta zergatik egin zuen pieza bat egiten. Guretako balio handia du pieza hori ia modu berdinean egiten ari garelako. Pentsa, hemendik bi mila urtetara guk egindako zerbait erreproduzitzen dutela modu berdinean. Artisauaren ogibidea ere hor zegoen; betidanik egon da artisautza. Harro sentitzeko moduko da. Aldatzen den gauza bakarra da mozteko erabiltzen den makina, beste guztia eskuz egiten dugu. Pieza bitxia da.

10. Beste erreprodukzioak nola egiten dituzte?
Laserrarekin, ordenagailuan diseinua sartu eta makinak dena egiten du.

11. Udaberriarekin batera, feria garaia hasiko da.
Feria eta azoketan erakustaldiak egiten ditugu, gehienbat. Aurten eskuak eramango ditugu, noski, eta uste dugu arrakasta izango dutela. Martxoaren 27tik apirilaren 2ra Artisautzaren Nazioarteko Astea da eta martxoaren 31tik apirilaren 2ra tailer-museoa irekita izanen dugu, doan.