Txirrindularitza

Aimar Tadeo Lizarrako podiumean

Guaixe 2023ko mar. 21a, 10:30
Aimar Tadeo Arkauz lakuntzarra, ezkerretik hasita laugarren, Lizarrako podiumean. PHOTO ZIKLIS.

Marsuaren 19an jokatutako afizionatuen Lizarrako Cirilo Zunzarren Memorialeko mendiko sailkapena irabazi zuen Finisherreko lakuntzarrak eta Laukizen seigarren izan zen. Laboral Kutxako Iker Mintegi Laukizen hamabosgarren sailkatu zen eta Lizarran hamargarren

Asteburuan Euskal Herrian jokatutako afizionatuen mailako lasterketetan gure txirrindulariak primeran ibili dira. Larunbatean, marsuak 18, 26. Laukizko Udal Saria jokatu zen, Euskaldun Txapelketarako baliagarria. Lasterketa gorabeheratsua eta gero hiru txirrindulari iritsi ziren batera helmugara eta esprint estuan Tom Donnenwirth gailendu zitzaien Rural Kutxa-Alea taldeko Pablo Garciari eta Julen Arriolari (3:12:42). Finisher taldeko Aimar Tadeo seigarren sartu zen (3:13:44), Top 10ean, eta Laboral Kutxako Iker Mintegi hamabosgarren (3:15:09). 

Igandean, marsuak 19, Euskaldun Txapelketarako puntuagarria den XLV. Cirilo Zunzarren Memoriala jokatu zen Lizarran, proba klasiko bezain ezaguna. Lasterketan etengabeko erasoak izan ziren baina azkenean 30 txirrindulari inguruko tropela iritsi zen batera helmugara. Esprintean Laboral Kutxako Unai Zubeldia gailendu zitzaion Finisher taldeko Ibai Azanzari (3:39:26). Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarra hamargarren sartu zen, denbora berean. Bere taldekide Ailetz Lasa ziordiarra 32. iritsi zen (3:40:09), eta Finisher taldeko Aimar Tadeo lakuntzarra 41., denbora berean. Aimar Tadeo podiumera igo zen, mendiko txapelketa irabazi baitzuen. Aitor Ondarra lakuntzarra (Hostal Latorre Ederlan) 89. postuan sailkatu zen.