Futbola

Preferente mailako 24. jardunaldiak 2 puntu utzi ditu Sakanan

Guaixe 2023ko mar. 21a, 11:00
Lagun Artea eta Etxarri Aranatzen arteko derbia, Zelai Berrin. ARTXIBOA

Altsasuk eta Etxarrik berdindu zuten, eta Lagun Arteak galdu

Preferente mailako 24. jardunaldiak ez du Sakanan garaipenik utzi. 

Soto Ibarbasoren kontra jokatu zuen Altsasuk eta partida hasi eta berehala, 3. minutuan, Lezkairuko taldeak aurreratzea lortu zuen. Altsasu partida berdintzen saiatu zen, baina ezin. Azkenean, 53. minutuan Eneko Galarzak bana berdintzea lortu zuen. Bi taldeak berdinketa apurtzen saiatu ziren, baina markagailua ez zen gehiago mugitu. 

Etxarri Aranatzek Burladés B hartu zuen eta partida maldan gora jarri zitzaion Etxarriri, Burladés B lehen zatian 0 eta 2 aurreratu baitzen, bigarren gola Etxarrik ate propioan sartutakoa. Hala ere, Etxarrik ez zuen behera egin eta lehen zatian 2 eta 1 hurbildu zen, Alain Alberdik sartutako golari esker. Bigarren zatian partidari buelta ematen saiatu ziren etxarriarrak, eta 57. minutuan Mattin Altzelaik binakakoa sartu zuen. Berdinketa apurtzen saiatu ziren bi taldeak, baina puntu banaketarekin despeditu zen partida, 2 eta 2. 

Lagun Arteak, bestalde, gainbeheran jarraitzen du. Valle de Egües B taldearen kontra jokatu zuten lakuntzarrek eta jipoi ederra jaso zuten, 5 eta 1 galdu baitzuten. Iñaki Berastegiren golarekin 2 eta 1 gerturatu ziren eta partidan sartu ziren, baina hortik aurrera Valle de Egüesek partida kontrolatu zuen eta hiru puntuak bertan geratu ziren. 

Datorrena
Preferente mailako liderra Amigo taldea da (53 puntu). Altsasu bederatzigarren postuan dago (33 puntu), Etxarri Aranatz hamaseigarren postura igo da (16 puntu) eta Lagun Arteak hemezortzigarren eta azken postuan jarraitzen du (10 puntu). Asteburuan Altsasuk seigarren eta arerio zuzena den Valle de Egües B taldea hartuko du, Lagun Arteak hamargarren den Doneztebe, eta Oibarren jokatuko du Etxarri Aranatzek, hirugarren den Aibarés taldearen kontra.