Euskarazko hezkuntza aldarrikatuko dute

Guaixe 2023ko mar. 22a, 13:31

Manifestazioko deitzaileak eta hura babesten dutenak. UTZITAKOA

Dei egin diete "gizarte eragileei, eragile sindikalei, eragile politiko eta instituzionalei guztion artean, euskaraz bizitzeko eskubidea babesteko herri erantzun sendoa eman dezagun, eta eskubide hori egikaritzeko, guztion artean, neurria aurrerakoiak bultzatu ditzagun".

Duela urte bete Gazte Euskaltzaleen Sareak (GES) bere burua aurkeztu zuen eta adierazi zuen "euskararen egoerarekin, euskaraz bizi nahi dugunon egoerarekin kezkatuta" zeudela. GESeko kideek orduan "kezkagarritzat jo genituen euskararen aurka hartu ziren erabaki judizialak, euskarak pantailetan zuen presentzia murritza, eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea". Euskaltzale belaunaldi berriek erantzun beharra zutela adierazi eta manifestazio jendetsua antolatu zuten Donostian maiatzaren 21ean. 

Ordutik, gazte euskaltzaleak saretzen eta "gazteok euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko borrokan eragile aktibo izan beharra aldarrikatzen aritu" dira. Horren ondorioz, Ikama eta unibertsitateetako euskara taldeekin batera euskara eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko martxoaren 23rako, ostegunerako, mobilizazioak deitu dituzte. Iruñekoa Antoniutti parketik abiatuko da 12:00etan. Hezkuntza euskaraz izango da leloa du manifestazioak eta ikasleak parte hartzera deitu dituzte. 

Gazteek azaldu dutenez, "euskaraz biziko zen belaunaldia izango ginen esperantza jarri zen gugan. Aldiz, gugan jarritako esperantzei ezin erantzun, euskaraz bizi nahiaren mugak eta ezinak sufritzen ari garen belaunaldia bilakatu baikara". Aldi berean, "pauso bat aurrera eman eta oztopoak gainditzeko prest dagoen belaunaldia ere bagara. Eta horretarako, herritar eta eragile guztion bultzada behar dugu". Ostegunean, egunerokotasunean, eta hemendik aurrera egon daitezkeen hitzordu guztietan euskara etorkizuneko hizkuntza izatea aldarrikatu dute. 

Nafarroan 
Sareko kideek azaldu dutenez, "zoritxarrez, beste batzuk ere mugitu izan dira eta mugitzen jarraitzen dute. Oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez du etenik izan. Badirudi, herritarrok gehiegi aztoratu gabe, noraino heldu daitezkeen neurria hartu nahian dabiltzala. Ustez, gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu.

Deitzaileen iritziz, Nafarroako egoera "are lazgarriagoa eta zaurgarriagoa da", besteak beste, honelakoengatik: euskaldunon hizkuntza eskubideak eskualdeen arabera aldatuz, hainbat herritako familien hautuaren aurka arituz eta D eredua ez eskainiz, herri oso baten iritziaren gainetik eskualde mistora pasatzearen kontra eginez, Nafarroako Unibertsitate Publikoan euskaraz ikasteko eskubidea ez bermatuz, hizkuntza paisaiaren elebitasunaren beharra ez errespetatuz, euskarazko haur eskolen eskaintza murriztuz, euskara alemanera edo ingelesaren atzetik baloratuz... "Nafarroan berria ez den baina azken garaian oraindik eta ebidenteagoa bihurtu den euskaren jazarpenari, oldarraldi euskarafoboari bide ematen ari dira".

Testuinguru hori kontuan izanik, inkesta soziolinguistikoaren datuek positiboki baloratu dituzte: "euskarak eutsi dio eta aurrera egin du. Horretan gazteok protagonista bilakatuz. Euskaren aurka ahaleginak eta bi egin dituzte, eta hala ere euskara aurrera doa, euskararekin bagoaz". Baina "oldarraldi horri gazteek bakarrik ezin" diotenez erantzun, gazteekin batera, osteguneko mobilizazioaren deitzaileen artean daude D ereduaren aldeko plataformetako gurasoak, ikasleak, zonifikazioaren aurkako Hordago dinamikako kideak, sindikatuak, Mañeru eta Leringo herritarrak, irakasleak. Euskaldunak eta euskaltzaleak.