Urbasako kanpina irisgarri egiteko lanak egin dituzte

Guaixe 2023ko mar. 23a, 11:28

Nafarroako Gobernuko ordezkariak Urbasako kanpinean izan ziren atzo. UTZITAKOA

Turismoko zuzendaritzak 308.530,57 euro inbertitu ditu hiru urtetan azpiegituren irisgarritasuna hobetzeko.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiaren Irisgarritasun Planaren barruan dago Urbasako kanpinak Irisgarritasun Plan Integrala. Planak turismo establezimenduaren diagnostikoa oso zehatz jasotzen du, hainbat desgaitasun (fisikoa, ikusizkoa, entzumenekoa eta intelektuala) dituzten erabiltzaileen esperientziatik abiatuta. 

Nafarroako Gobernuak Urbasako kanpinaren planaren barruan dauden lanak egin ditu azken hiru urteetan. Lehenik, ezintasun fisikoa duten pertsonei egokitutako kanpineko bi zerbitzu-blokeen erreforma integrala egin zen joan den urteko ilbeltzean. Lanok 164.332,57 euroko inbertsioa izan zuten. Udazkenean, berriz, hainbat lan egin ziren. Batetik, aparkalekuan mugikortasun urriko pertsonendako bi plaza sortu dira. Bestetik, zirkulazioko ibilbide irisgarriak sortu dituzte. Horretarako, 1,80 metroko zabalerako bideak egin dira, maila berean dagoen zoladuraren zati bat ordeztuz eta sarrerak arrapala txikiekin konponduz. Gainera, tabernako terrazako zorua eta hainbat gelatako eraikinerako sarbidea berriz zolatu dira. 

Horretaz aparte, harrera eraikina egokitu dute. Hori lortzeko barruko altzariak, mostradorea eta sarrerako atea egokitu dira, eta sartzeko arrapala bat eraiki da. Bungalowa ere egokitu dute,  sarreran arranpa eraikiz, bainugela osorik eraberrituz, sukalde egokitu bat jarriz eta logelako atea zabalduz. Taberna-jatetxeko komunak eta hainbat gela dituen eraikineko komunak ere egokitu dituzte. Azkenik, sarrerak irisgarriagoak egin dituzte. 

Zolatze lanak Construcciones Santestebanek, 48.392 eurotan (BEZa barne) egin zituen 2022an, eta eraikinetako, zerbitzuetako eta ostatuko komunei dagozkienak aurten despeditu ditu BISEL enpresak 47.978 euroren truke.  Hermanos Aldaz Remiro enpresak, azkenik, zurgintza lan guztiengatik 26.624 euro jaso ditu. 

Beste ekintza batzuk
Dagoeneko ezarrita dauden irisgarritasun-neurriak hobetzeko, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak beste ekintza batzuk proposatu ditu planaren esparruan: kanpinaren barruko seinaleak, kartelak eta emandako informazioa, eta web-orria hobetzea. Lan horiek Urbasako kanpinaren kudeatzen duen Aldi Baterako Enpresen Elkarteak (ABEE) ordaindu ditu. 

Bestalde, Urbasan libreki ibiltzen diren astoak kanpinean ez sartzeko, kanadar pasabide bat jarri da instalazioaren sarreran otsailean. Obra Lakita SLk egin du, 21.204 eurotan.

Kanpinaz
Gaur egun, 3 izarreko kategoriarekin sailkatuta dago, eta honako eremu eta zerbitzuak ditu: taberna-jatetxea, gela anitzak (58 plaza guztira) hartzen dituen egoitza eraikina; langileen aldagelak,  biltegiak eta beste hartzen dituen zerbitzu eraikina; komun zerbitzuetako bi eraikin, konketak, dutxak eta komunak dituztenak; ataria eta galdara-eraikina eta biltegia; harrera; 6 gela bikoitz eta 14 gela independente (bungalow); eta kanpatzeko gunea.

2013. urtearen erdialdetik, Camping Urbasa ABEEak kudeatzen du instalazioa, Beretegia SLk eta Camping Etxarri SLk osatua, herri-jabariko emakida baten bidez.