Areto futbola

Aralar Mendi eta Ibararte Xota, bikain

Guaixe 2023ko mar. 23a, 10:41

Ibararte Xotakoen partida. XOTA

Areto Futboleko Hirugarren mailan dabiltzan talde sakandarrek puntu ederrak lortu zituzten

Asteburuan Hirugarren Mailako Areto Futboleko Txapelketako 21. jardunaldia jokatu zen eta jardunaldiak lau puntu utzi zituen Sakanan. 

Aralar Mendik Antsoaingo Gazte Berriak taldea hartu zuen larunbatean Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan. Partida oso borrokatua izan zen, baina lehen txanpan antsoaindarrak ibili ziren finago: 25. minuturako 0 eta 4 aurreratu ziren sailkapenean laugarrenak direnak. Uhartearrek ez zuten amore eman eta, gutxika, markagailuari buelta ematen hasi ziren. Mounir El Akkarik mustu zuen markagailua, eta Jorge Mariñelarenak sartu zuen bigarrena, 28. minutuan. Lehia estuagoa bilakatu zen ondoren, are gehiago 34. minutuan Jon Iribarrenek hirugarren gola sartu zuenean. 3 eta 4, Aralar Mendi partidan guztiz sartu zen. Partida bukatzear zegoela, 39. minutuan, atzera ere Jon Iribarrenek Gazte Berriaken atea zulatu zuen eta launa berdindu zuen Aralar Mendik, garaipen zaporea zuen berdinketa lortuz. 

Ibararte Xotak, bere aldetik, gol festa ederra ospatu zuen Tafallan, Vulcanizados Ruiz Tafa taldeari 1 eta 7 irabazi baitzioten. Talde irurtzundarrak hasieratik agindu zuen, Jon Argandoñak, Salvador Jarillok, Ekaitz Eskamendik, Asier Gonzalezek, Oihan Belarrak, Mikel Belokik eta Tafak ate propioan sartutako golari esker, garaipen oso garrantzitsua lortu zuen. 

Lehen faseko azken jardunaldia jokoan
Hirugarren Mailako Txapelketako liderra Garbayo Chivite Cintruenigo taldea da (40 puntu), San Juan eta Universidad de Navarra puntu batera eta Gazte Berriak bi puntura dituela. Aralar Mendi zazpigarren da (30 puntu) eta Ibararte Xota zortzigarren (27 puntu). 

Asteburuan Hirugarren Mailako lehen faseko 22. jardunaldia jokatuko da, lehen faseko azkena. Aralar Mendik Anaitasuna du aurkari, baina partida aurreratzea erabaki zuten bi taldeek -asteartean, marsuaren 21ean, jokatu zuten- eta Aralar Mendik hiru puntu gozo lortu zituen, 1 eta 7 irabazi baitzion Iruñeko taldeari, Beñar Yabenek, Jon Iribarrenek (4) eta Jorge Mariñelarenak (2) sartutako golei esker. Ibararte Xotari, aldiz, atseden jardunaldia dagokio.