Giza katea euskara batuari gorazarre egiteko

Guaixe 2023ko mar. 23a, 13:03

Batasunaren bidea giza katean parte hartzeko deia egin dute. UTZITAKOA

Ikastolek eta Euskaltzaindiak Batasunaren bidean giza katea antolatu dute. Errenteria eta Donostia lotuko dituzte 8.000 lagunek osatutako giza kate erraldoi batean nartxoaren 24an, ostiralarekin, 11:00etatik 11:30era.

Euskara batuak gure herriaren garapenean izan duen balioa azpimarratzeko eta euskara batuaren sorreran bultzatzaile izan zirenak oroitzeko. Horretarako, Batasunaren bidean giza katea sustatu du Orereta ikastolak, Kilometroak ospakizunaren aurtengo antolatzaileak. Euskal Herriko ikastolen jai guztiek osatzen duten Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak elkarlanean antolatu dute. Beraz, Andra Mari ikastola ere parte hartzen ari da giza katearen antolaketan. 

Milaka gazte, nerabe eta herritarrek osatuko duten giza katea Errenteriako Gamon zumardian dagoen Koldo Mitxelenaren oroimenezko eskulturaren paretik abiatuko da eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean bukatuko da. Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak. Kate begiak Euskal Herri osoko ikastola ugaritako gazte eta nerabeak izanen dira, parte hartu nahi duten herritar guztiekin batera. Izena emateko https://labur.eus/4uDZT webgunea erabili behar da. Antolatzaileek adierazi dutenez, parte har dezaketen herritarren kopuruak ez dauka mugarik, eta euskaltzale guztiei bertaratzeko deia ere egin diete.

Giza kateak ordu erdiz osatuta egonen da. Hura despeditu ondoren, ibilbidean dauden bost gunetan elkartuko dira parte hartzaileak. Gune bakoitzean euskara batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana eginen dute. 

Euskara batua, herritik sortua eta continuum-aren garrantzia
Euskara Batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 pertsona zehatz oroituko ditu ekimenak. Horien artean dago Jose Mari Satrustegi Zubeldia arbazuarra. Baina, sustatzaileek azpimarratu duten moduan, “euskara batua gaur errealitate bada, askoz ere pertsona gehiagori esker izan da, eta horietako asko anonimoak dira. Beraz, esan dezakegu euskara batua herriak nahi izan duela, herriak sortu duela, eta herriak egin duela bere, erabileraren bidez”. Gainera, ez dago euskara batuaren sorrera adierazten duen historiako une bakarra. Aitzitik, une asko izan dira, zein baino zein beharrezkoagoa, eta horiek guztiek osatzen duten continuum-a da giza kateak irudikatu nahi duena.

Aldi berean, euskara batuak herriari eman dion guztia da ekitaldiak balioan jarri nahi duena. “Euskarazko hezkuntza, komunikazioa, gizarte kohesioa edo euskal erakundeak, esaterako, ez lirateke gaur direnak izango euskara baturik ez bagenu. Euskara batuari esker gara, eta garelako dugu euskara batua”.

Transmisioa, ekimenaren ardatz
Zentzu horretan, ikastolek euskara batuari zor diotena eta euskara batuak ikastolei zor diena izango dira Batasunaren bidean giza katearen oinarrietako bat. Transmisioaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista. Horregatik, izaera koloretsu eta baikorra izango du ekimenak. Egun ikasten ari diren gazte eta gaztetxoei euskara batuaren balioa helarazi, eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta beraren bilakaera adieraziko zaizkie.

Gainera, Euskaltzaindiak herritar guztientzako prestatu duen dokumentua Euskararen Batasuna. Euskarazko hiztun elkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria izenekoa, zabalduko da. Bertan, euskara batuaren sorreraren ibilbide historikoa ezaugarritzen duten gako nagusiak azaltzen ditu Euskaltzaindiak.


Egitaraua

  • 10:45 Giza kateari hasiera emateko ekitaldia egingo da Agirre Lehendakaria plazan, Errenterian.
  • 11:00-11:30 Giza katea osatuko dute.
  • 11:30-12:00 Parte-hartzaileak 5 bilguneetarantz mugituko dira.
  • 12:00-12:30 Ekimenari akabera emateko, giza kateko bidearen 5 guneetan ekitalditxoak egingo dira. Errenterian, Pasaian, eta Donostiako Herrera auzoan, Zurriola ikastolan eta Plaza Berrian.
  • 15:00 Euskaltzaindiko kideek Orereta ikastola bisitatuko dute.
  • 17:30 Erakunde ekitaldia Errenteriako Udalaren areto nagusian.