Aostako eskolen baliabideekin harrituta

Guaixe 2023ko mar. 28a, 10:32
Irakasle sakandarrak Aostako ikasle eta irakasleekin. UTZITAKOA

Lakuntzako eta Arbizuko eskoletako hiru irakaslek astea eman dute Italian. “Argi daukate Hezkuntzako premiak asetzeko baliabideak ezinbestekoak direla. Guri deigarria egin zaigu bertan dituzten baliabide pila Hezkuntzako Behar Bereziak tratatzeko”. 

Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabide Zentroak inklusioa helburu duen Hezigarri programa zuzentzen du. Haren barruan, Nafarroako hainbat ikastetxe daude sartuta, tartean Sakanakoak. Italiako Aosta Ibarreko Gobernuak Hezkuntzan Behar Berezien tratamenduan eta inklusioaren alde indar handia egin du. Lakuntzako eta Arbizuko herri eskoletan horren berri bazuten eta gertutik ezagutu nahi zuten. Zentroak Aostako Hezkuntza Departamentuarekin harremana zuen eta sakandarren interesaz jakitun, Erasmus + ekimenaren finantzaketa lortu zuten hiru irakasle sakandar hara joan ahal izateko: Ane Miren Iruretagoiena Aldazabal (Lakuntza) eta Saioa Alegria Lahidalga eta Aizea Beraza Bengoetxea (Arbizu). Hirukotea hilaren 13tik 17ra Aostako eskolen martxan ezagutu zuen. 

Aosta Ibarra Italia iparraldean dago eta Frantziarekin eta Suitzarekin muga egiten du. Inguru menditsua da eta bertan italiera eta frantsesa hitz egiten dira. Historikoki Italia Hegoaldeko familien migrazio hartu ditu. Gaur egun Europatik kanpokoak ere, Magreb eta Bangladeshtik etorritakoak, esate baterako. Sakandarrak Verrès herrian izan ziren. Han bigarren hezkuntzako ikastetxea eta eskola txikiak zeuden. Haren moduko herri handietan ikasle migratu gehiago daude (%30), gutxiago herri txikietan. Irakasleek azaldu dutenez, “irakasle bakoitzak bere gaia ematen du eta, horretaz aparte, ordu batzuk ditu migratuta ikasleei banakako italiera errefortzu eskolak emateko”. 

Baliabideak 
Aosta Ibarraren helburua da herri bakoitzak bere eskola mantentzea, nahiz eta ikasle kopuruak txikiak izan. Ibarrak bere autonomia baliatu du hezkuntzara baliabideak bideratzeko. Hala, irakasle sakandarrek gela askotan ikasleekin hiru pertsona ikusi dituzte: irakaslea, irakaskuntza laguntzailea (behar bereziak dituzten ikasleak laguntzen ditu) eta laguntzailea (esaterako mugikortasun arazoak dituena laguntzeko). Bestela, gela askotan irakaslea eta irakaskuntza laguntzailea zeuden. Baliabide ugaritasun horrekin harrituta gelditu ziren sakandarrak. 

Hezkuntza publikoa da nagusi Aostan, nahiz eta erlijioari lotutako ikastetxeak ere badauden. Sakanakoen antzeko tamaina zuten eskolak bisitatu zituzten, eskola txikiak. Geletan egon ziren eta, ondoren, irakasleekin hizketatzeko aukera izan zuten. Galderak egin zituzten, baina haiei erantzunak ere eman behar izan zizkieten. Behar bereziak (autismoa, dowm, itsuak, gorrak, mugikortasun arazoak...) nola lantzen dituzten jakin nahi zuten. Ikusi zuten banaka hartzen zituztela ikasleak, ez taldean. Jabetu ziren klaseak bideratuta zeudela, espontaneotasunari toki gutxi ematen ziotela. “Guk ezagutu genuen hezkuntzaren antzekoa zen, tradizionalagoa; hemen orain talde lana eta beste metodologiak erabiltzen ditugu”. 

Hala ere, eskolek “sekulako antolakuntza konplexua dute, ikasleei ordutegi zabala eskaintzeko eta hainbat baliabide kudeatzeko”. Ikasleak 08:30etik 12:30era eta 14:00etatik 16:30era egoten dira eskolan, eta han bazkaltzen dute. “Irakasleek ez dituzte ikasleek beste ordu sartzen baina hemen baino gehiago, bai; 36. Batzuk goizean goiz sartu eta eguerdian ateratzen dira eta beste batzuk goiz erdian sartu eta arratsaldean ateratzen dira. Oso kezkatuta daude gurasoei ordutegi zabala eskaintzez. Sekulako antolakuntza dute hori dena bateratzeko, kudeaketa konplexua da”.  

Aostan irakaskuntza eleanitza da, italiera eta frantsesera ikasten dituzte. “Adineko jendeak erraztasunez hitz egiten du frantsesa, baina indar gutxiago du frantsesak beraien artean. Ibarrari nortasuna ematen dion gai bat denez, edozein langile publikok bi hizkuntzak menperatu behar ditu eta soldatan ere bi hizkuntza jakiteagatik osagarria ordaintzen diete. Horretaz aparte, ingelesa goiz ikasten hasten dira umeak, baina beste bi hizkuntzek baino ordutegi murritzagoa du. “Noizbehinka hiru irakaslek gai bera ordu berean ematen dute, elkarrekin edo hizkuntzetan bananduta, baina helburua denek denetan aritzea da, talde txikietan zein handian”.

Frankoproventzera izeneko hizkuntza (patois gisa ezaguna) ere badago ibarrean, baina ez da ofiziala. Herri txikietan oraindik entzun daiteke, baita Frantzian eta Suitzan ere. Herri bakoitzean modu batera hitz egiten da eta haren estandarizazioa egin gabe dute. Zenbait ipuin argitaratu dituzte eta “haren ezagutza zabaltzeko gure bertsolaritzaren antzeko programetan aritzen dira ikasturtean zehar”.