Parlamentuan gasbiderako "hausnarketa eta zentzu" eske

Guaixe 2023ko mar. 28a, 09:03
Parlamentuko batzordean hizketatu ziren Mikel Martinez de Zuazo, Oihana Olaberria Jaka eta Mikel Uharte Martija. UTZITAKOA

Larraungo eta Arakilgo alkateak Parlamentuan egon ziren eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarria den alternatiba bat egonda, "Nafarroako Gobernuak ez luke zertan Aralar zeharkatzen duen proiektu batean tematu" behar esan zuten. 

Nafarroako Parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean Larraungo eta Arakilgo alkate Mikel Uharte Martija eta Oihana Olaberria Jaka eta Mikel Martinez de Zuazo ingeniaria egon ziren hilaren 20an. Alkateek jakinarazi zutenez, "auzibidea bukatu ondoren lanen aldeko lizentzia ematera behartu gaituzte. Baina dituen baldintzekin ezinezkoa da betetzea". Olaberriak jakinarazi zuenez, gaur egun gasbideko lanak geldirik daude epaile batek hala agindu duelako. 

Olaberriak azaldu zuenez, "administrazio prozedura agortuta dago, obrek egun gutxi barru hasteko bidea izanen dute". 15 egun aipatu zituen. "Orain dator benetako arazoa. Obrak hasiko dira, eta beldur naiz ez ote garen inoiz bukatzen ez den bukle horietako batean sartuko. Obra hori fiskalizatuko dugu, eta ez dugu inongo zalantzarik izango proiektua berriro geldiarazteko orduan” azaldu zuen Olaberriak. "Plazaolako bide berdeko alternatiba egonda, sarraskia gelditzeko garaiz gabiltza. Borondate politiko kontua besterik ez da. Aralarrek merezi du".

Argudioak
Olaberriak azaldu zuenez, "aurrekaririk ez duen energia eta ingurumen krisi bat bizitzen ari garen honetan, eredu energetikoa zalantzan jartzen ari den honetan, argi dago apustua berriztagarriek izan beharko luketela, baina Nafarroako Gobernuari Aralarko Kontserbazio Bereziko Eremua zeharkatzen duen gasbide bat planteatzea otu zaio". Horregatik, Arakilgo alkateak esandakoen eta ekintzen arteko "koherentzia" eskatu zuen. 

Lekunberrin industria energia komunitatea sortzekotan dabiltzala gogorarazi zuen Olaberriak. "Proposamen horren atzean Aralar suntsituko duen gasbidea dago. Aurrera industria energia komunitate, baina dagoeneko humanizatuta dagoen trazatu batetik eraman daiteke gasbidea, Plazaolako Bide Berdeko bidetik". Arakilgo alkateak gogorarazi zuen bide berdeak beste zerbitzu batzuk ere hartzen dituela, esaterako, Iribasetik Irurtzuna doan ura eta zuntz optikoa. "Badago hutsik dagoen hodi bat ere. Erabili ezazue hori". Olaberria, atzera ere, azpimarratu zuen, "ez gaude gasbide proiektuaren kontra, trazatuaren kontra baizik”. 

Parlamentariei azaldu zien bi alkateek behar izan dituzten ate guztiak jo eta gasbidearekin zerikusia duten hainbat arduradunekin bilerak egin dituztela. "Inork ez gaitu entzun. Haietako batzuek proiektua ezagutzen ez dutela esatera ere ausartu dira. Proiektu hau aurrera aterako denean, beraien sinadura duelako". Horrek guztiak bi alkateei "frustrazioa, ezintasuna, haserrea, tristura... ez ezik, lotsa ere sentitzen dut. Izugarrizko errespetu falta iruditzen zait".

Bi alkateen izenean Olaberriak adierazi zuenez, "bi udalendako Aralar zentrala da. Aralar gure kulturaren eta nortasunaren parte da. Uste dugu, gure kezkak eta proposamenak entzun eta kontuan hartzea merezi dugula". Horregatik, alternatibak berrikusteko eskatu zuten Parlamentuan. 

Alderaketa 
Alkateek zehaztu zutenez, trazadurako ingurumen inpaktu txostena "erabat minimizatua" dago, "ez da egia esaten. Ingurumen Departamentuan bertan egindako txosten bat badago, Aralar ez den beste edozein trazatutik egitea erregutzen duena". Alternatiba eta egitasmoaren arteko aldeak agerian uzteaz arduratu zen Martinez de Zuazo, udalendako alternatiba egin duen ingeniariak. Iribas eta Irurtzun arteko ur ekarriaren zati baten konponketaren arduradun izan zen 2017an. 

Jakinarazi zuenez, Nedgiak Aralarren barnako lau alternatiba landu zituen eta haietako baten alde egin zuen. Plazaolako alternatiba "gaizki" aztertu zuela gaineratu zuen. "Bide berdea Larraun ibaiaren ezkerreko ertzetik doa zatirik handienean. Enpresak eskuin aldean trazatu bat egin zuen, eta atzera bota zuen”. 

Enpresaren proiektuak ez du ez topografia ezta geologia ikerketarik. Gas enpresaren proiektuak hainbat akats eta gabezia dituela nabarmendu zuen ingeniariak. "Lanen marrazki bat bera ere ez dago proiektuan. Gasbidea sartzeko 8 metroko zabalera behar dituztela dio enpresak, baina kontuan izanik trazatuaren zati handi batean %40 inguruko aldapa dagoela, malda zelaitu egin behar da eta horrek 16 metroko zabalerari eraginen dio". Jakinarazi zuenez, Lekunberrin, 1,2 km-tan, gasbidea 3 metro zabal dituen dermioko bide batetik joanen litzateke. "Enpresaren proiektuan hori posible bada, zergatik ez da posible antzeko zabalera duen bide berdean?" Lanek sortutako erosioaz ez da ezer jaso txostenean, ezta hondakinen kudeaketaren inguruan ere. 

Enpresak proiektuan jaso duenez, zuhaitzez estalitako 12.000 metro karraturi eraginen lioke Aralarren barnako gasbideak. "Motz gelditzen da, benetan 66.000 baitira, hau da, 6.000 bat zuhaitz moztuko lituzkete. Gainera, ez du zehazten zenbat zuhaitz moztuko dituzten. Legeak basoberritzea exijitzen du eta halakorik ere ez da inondik agertzen proiektuan". Akuiferoak daude Aralar azpian eta ingeniariaren iritziz, enpresaren trazatu proiektuan "erdia kanpoan utzi dute eta inpaktua gutxitu dute. 5.800 metrori eragiten diola dio enpresak, baina 12.000 dira". 

Horregatik guztiagatik, Martinez de Zuazok esan zuen 2,7 milioiko inbertsioa beharrean 7,5 milioi euroko aurrekontua duen lana dela gasbidea Aralartik eramatea. Plazaolako alternatiba merkeagoa izateaz aparte, ingurumen eragin txikiagoa zuela nabarmendu zuen. 


Alkateek agerraldia egin bitartean Parlamentu parean bilkura egin zuten.

Erreakzioak 
Agerraldia EH Bilduk, I-E eta Ahal Duguk eskatu zuten. EH Bilduko Adolfo Araiz Flamariquek entzundakoagatik kezka azaldu zuen eta ingurumen administrazioak proiektua berriz aztertzea eskatu zuen. I-Eko Maria de Simon Caballero harrituta gelditu zen Nafarroako Gobernuak halako ingurumen inpaktu adierazpena onartu zuelako. Navarra Sumako Migel Bujanda Zirauki proiektua "ongi dimentsionatu gabe" dagoela esan zuen. "Gobernuak ez ditu herrien interesak defendatzen. Badirudi honen atzean bakarren baten burugogorkeria dagoela". 

PSNko Javier Lekunberri Urabaienek esan zuenez, Nafarroako Gobernuaren teknikariek "eragina jasangarria dela diote", eta kontsentsuaren alde egin zuen. Geroa Baiko Pablo Azkona Molinetek, berriz, "bideragarria eta ingurumenean eragin txikiagoa duten alternatibak" babestuko dituztela narbarmendu zuen.