Aizkora

Apirilean hasiko da Sakanako Aizkora Eskola

Guaixe 2023ko mar. 28a, 12:02

Juanjo eta Juanito Erdozia Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen ari den gaztetxo batekin, Sakanako Herri Kirol Egunean.

Erdoziatarrek gidatutako eskolan izena ematea apirilaren 5a baino lehen egin behar da

Aste Santu ondoren martxan hasiko da Sakanako Aizkora Eskola. Apirilaren 13an, zehazki. Izena ematea zabalik dago eta lehenbailehen egitea aholkatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuko teknikari Dani Echavarrik, "15 tokiak berehala betetzen baitira". Prezioa 55 eurokoa da eta izena ematen duten neska-mutilek ekainaren 15era bitartean aizkoran trebatzeko formazioa jasoko dute, astelehenero eta ostegunero, 19:30etik 20:30era, Juanito eta Juanjo Erdozia aizkolariek Etxarri Aranatzen duten bordan. "10 eta 20 urte bitarteko gazteek eman dezakete izena, eta tokia badago helduagoek ere parte har ahalko dute" gaineratu du Echavarrik. Kirol Zerbitzuan eman behar da izena (948 464 866). 

Eskola duela 19 urte inguru sortu zuen Mank-ek, aizkoran trebatu nahi dutenei baliabideak eta materiala eskaini ahal izateko. Azken urteetan Juanito eta Juanjo Erdoziak dute eskolaren ardura, eta "oso gustura" aritzen direla nabarmentzen du beti Juanito Erdozia beteranoak. "Neska-mutikoek ilusio handia dute eta gustura etortzen dira. Euskal Herrian aizkora eskola bakarra dago, gurea, eta hori oso garrantzitsua da".