Dispertsioaren zenbait istorio

Guaixe 2023ko mar. 29a, 10:56

Sakandar presoak dagoeneko Euskal Herriko espetxeetan daude, eta Sakanako Sarek eta Etxeratek esan bezala, atzean gelditu da "urrunketan eta sakabanaketan" oinarritutako espetxe politikaren aro historiko bat

Sakandar asko izan dira dispertsioaren espetxe politikaren historiaren protagonista, Sakanako Sarek eta Etxeratek adierazi bezala. Haietako askok espetxean bizi izan dute egoera, eta beste askok kanpoan. "Sufrimenduarekin batera erresilientziarako gaitasunak, borrokak eta elkartasunak ezaugarritu duen aro bat izan da", esan dute Etxarriko Saretik. Momentu honetan preso dauden sakandarrak Euskal Herriko espetxeetan daude: Asier Karrera eta Luis Mariñelarena Martutenen, Juan Ramon Karasatorre Iruñean eta Unai Parot Zaballan, baina urte luzez senide, lagun eta herritik milaka kilometrotara egon dira.

Hainbat sakandarrek bizi izan dituzte sakabanaketa eta urrunketa egoerak eta istorioak; tartean Joxe Flores, Koldo Flores, Juan Antonio Lasa, Jose Antonio Gurmindo, Juanito Nazabal, Felix Altzelai, Alain Berastegi eta abarrek espetxearen barruan jasan behar izan zuten dispertsioa, eta dispertsio politikek ere kanpoan zeudenak zigortzea zuen helburu eta horretan Puri Galartza, Garazi Barandalla, Xochitl Karasatorre eta beste hainbat egon dira. Izen oso gutxi batzuk dira Sakanak, eta bereziki Etxarri Aranatzek, bizi izan duen dispertsioaren historiaren barruan.

Kronika

"Herri baten historia hari jarraitu bat da, izan zirelako gara, garelako izango dira...". Sakanako Sarek eta Etxeratek egindako atzera begiradan, dispertsioaren historia frankismoaren azken urteetan Euskal Herrian piztu zen "askatasunaren aldeko borrokaldiaren" testuinguruan jarri behar dela dio, "baina historia ezin da laban batekin une zehatz batean moztu".
Frankismoaren aurretik ere arrazoi politikoengatik preso izandakoak eta urrunduak izan diren etxarriarrak gogora ekarri nahi izan dituzte; "Denak gogoan, izen bat botako dugu: Antonio Larrañaga Goñi borroka anarkistan engaiatua, banketxeak lapurtzeagatik hartu zuten preso 1934an". Burgosko presondegian egon zen 1936ko estatu kolpea izan arte, eta "espetxetik atera zutenean baso batean fusilatzeko izan zen". Garai horretan beste sei etxarriar atxilotu eta fusilatu zituzten Urbasan. Historia luzea da. "Antonio Larrañagaren senide zuzen bat, bi belaunaldi geroago sortua, preso egon zen hamazazpi urtez Iruñea, Soria, Alcalá, Carabanchel, Herrera de la Mancha, Cartagena, Huesca eta Logroñoko espetxeetan".

1975ean Franco diktadorea hil zenean bost etxarriar zeuden preso, hiru gizonezko eta bi emakume, Sarek jakinarazi duenez. Carabanchelen egonaldi labur bat izan ezik, Iruñeko espetxean bete zuten zigorra eta 1977ko amaieran Espainiako Gobernuak eman zuen indulto orokorrarekin atera ziren kalera. 1978ko urtearen hasieran Iruñean izandako tiroketa baten ondorioz, etxarriar bat atxilotu zuten eta sei hilabetez preso egon zen Iruñean eta beste hiru etxarriarrek Frantziako estatuko muga zeharkatu behar izan zuten poliziarengandik babesteko. "Horietako baten gorpua tiroz josia 22 hilabete geroago ekarri zuten; beste bat 25 urte munduan zehar ibili eta gero herrira itzuli zen eta, hirugarrena, Etxarritik atera zenetik 42 urtera, jadanik, pasa den urteko azarotik, gure artean dago".

Elkartasuna

1978. urteko amaieratik hasiak ziren preso politikoak Euskal Herrian zeuden presondegietatik Soriako espetxera lekualdatzen herritarrekiko sortzen zen "elkartasunaren indarrarekin ikaratuta". Urte berean, uztailaren 8an, sanferminetan, Iruñeko zezen plazara presoak kaleratzearen aldeko pankarta bat sartu zuten eta poliziak "sekulako sarraskia" egin zuen.
1979an Etxarri Aranazko eta Lizarragabengoako zortzi lagun atxilotu zituzten eta komisaldegian "hamar egun lazgarri" pasa ondoren, Iruñeko espetxean sartu zituzten. "Iruñean egon ziren denbora laburrean, sekulakoa izan zen herriarengatik jaso zuten babesa". Garai horretan posiblea zen janaria eta abar sartzea. Denbora gutxi egon ziren Iruñean, aste batzuen buruan Soriako espetxera eraman zituztelako.

Urte gogorrak

"Sorian giroa bero-bero zegoen". Espetxea militarizatua zegoen eta polizia arduratzen zen presoen zaintzaz. "Euskal presoak batuta eta komunetan antolatuta zeuden, miliak alde batetik, polimiliak bestetik eta autonomoak bestetik", azaldu dute Etxarriko Saretik. Presoen borrokak bi ardatz zituen: "Euskal Herrian bizi zen egoera politikoan eragitea haustura demokratikoaren aukera bultzatuz eta espetxeko bertako bizi baldintza duinak eskuratzea". Poliziarekin zituzten talkak "gogorrak" ziren eta egun batean 50 presok zainak moztu zituzten protestan, "espetxearen barruan egoera danteskoa sortuz, odolez eta oihuz blai". Beste egun batean, komandanteak sukaldeko laban bat eskuan hartuta gidatzen zuen Polizia Armadaren konpainia bat galerietara sartu zen zeldaz zelda presoak jipoitzeko; "etxarriar batek konortea galdu zuen buruan emandako kolpe baten ondorioz".

Presondegian bizi zen egoerak isla zuen kanpoan ere. "Etengabeak ziren presoekiko elkartasunez herrietan egiten ziren mobilizazioak eta garai hartakoa da Soriako espetxera egin zen martxa jendetsua". Soriako espetxean egoera "jasanezina" bihurtu zen eta Soriako Udalak preso politikoak handik eramatea eskatu zuen. 1980. urtearen erdialdean euskal presoak Soriatik ateratzen hasi ziren, batzuk Herrera de la Manchara, beste batzuk Burgosera eta beste batzuk Madril inguruko espetxeetara.

1980ko hamarkada

1981. urtean Joxe Arregiren tortura bidezko heriotza eta otsailaren 23ko Tejeroren Espainiako Estatu kolpearen saiakeraren oihartzunak "bizi-bizirik" zeudela, euskal presoak Puerto de Santa Mariako espetxe berrira eramaten hasi ziren. "Euskal preso politikoen batasuna eta eragiletza politikoa pitzatzeko eredu berri bat martxan zegoen: Segurtasun Goreneko Espetxeak, preso politikoei propio zuzenduak". Alemanian ezkerreko mugimendua txikitzeko erabili zuten modeloa hartu zuten espetxe horiek sortzeko.

"Puerton euskal presoei ezarri zizkieten bizi baldintzak ikaratzeko modukoak ziren: euskarazko bisiten debekua, kontaketarako ilaratan formatu behar izatea, ziegako leihoa burdin xafla batez estalita, zigorrak edozein arrazoigatik...". Denbora tarte oso gutxian bi gose greba luze egin zituzten presoek eta "borrokaren bidez" aurre egin zioten erasoari. "Presoek pultsuari eutsi zioten, agintariak ez ziren mugitu, denboran luzatuko zen borroka aro bati ekin behar zitzaion. Indarrak neurtu eta dosifikatzen ikasi beharra zegoen".

PSOE Espainiako Gobernura iritsi zenean 1982. urtearen amaieran, "itxaropenari atea ireki ziezaioketen keinu batzuk egon ziren". Hurrengo urtean Egin eta Punto y Horako kazetariei Alcalá, Puerto eta Yeseríaseko espetxeetan sartzeko baimena eman zieten eta presoen hitzak oinarri erreportajeak egiteko aukera izan zuten. Baina PSOEk aurretik zegoen politikarekin jarraitu zuen: "Puertoko Segurtasun Goreneko Espetxe eredua Herrera de la Manchan jarri zuten". Urte amaieran iritsi ziren euskal presoak Herrerara.

Puertoko "borroken irakaspenak gogoan", beste era batera planteatu zuten presoek Herrera de la Manchako ereduari aurre egiteko ildoa: "Komunikazio grebari ekin zioten". 1984ko hasieran izan zen hori eta urte amaieran presoen eskakizunak jasotzen zituen akordio bat erdiestea lortu zuten, borrokari amaiera emateko. "Kolektiboak ezagutu zuen onuragarrienetako bat izan zen".

Sakabanaketa

Segurtasun Goreneko Espetxeen moldeak euskal presoen "batasuna eta eragiletza pitzatzeko" helburuari begira jasotako "porrota" agerian geratu zenean, Espainiako estatuak estrategia berri bat diseinatu zuen, Ajuria Eneako Itunean bildu ziren alderdien babesarekin. Euskal preso politikoen sakabanaketari ekin zioten.

Estrategia berriaren helburua presoa kolektibotik bakantzea eta isolatzea zen, bere ingurune afektibo eta politikotik ahalik eta gehien urruntzea, "bere borondatea errazago menperatzeko desioarekin". Sakanako presoak Sevilla, Cartagena, Córdoba, Castelló, Puerto eta abarreko espetxeetara eraman zituzten. "Presoendako ez ezik, senide eta lagunendako eta herriarendako erronka berria zekarren". Komunikazioa eta elkartasuna mantentzeko "kilometroak biderkatzen" ziren, baita arriskua" eta zigor ekonomikoa" ere. "Erronka berriari aurre egiteko formula betikoa izan zen: irudimena, antolaketa, auzolana...". Hortaz, ekimen berriak sortu ziren, esaterako Mirentxin eta Senideak, "gero Etxerat-i bidea ireki diona".

"Presoek beraiek irudimen handiz eta determinazio osoz jokatu behar izan dute urrunketak eta sakabanaketak ezartzen zituen oztopoen gainetik beraien arteko bateratasuna eta eragiletza politikoa mantentzeko". Besteak beste, presoek komunikazio eta mobilizazio moldeak dibertsifikatu zituzten, espetxez espetxe batzarrak sortu zituzten, mintza kidetzak izendatu eta beraien "agenda propioa" Euskal Herriko agendarekin sinkronizatu zuten. "Euskal Preso Politikoen Koletiboaren taupada erreferentzia politiko saihestezina da Euskal Herrian", adierazi dute Etxarriko Saretik eta Etxeratetik. 

1990ko hamarkadaren hasieran, "sakabanaketa eta urrunketaren ankerkeriaren mailak koska bat igo zuen": euskal presoak Iberiar penintsulatik kanpoko uharteetara zein Ceuta eta Melillan zeuden espetxeetara eramaten hasi ziren. "Etxarriar bat urte luzez egon zen Balear irletan preso, horrek zekarren senide eta lagunak bisitan joateko zailtasun gehigarriekin". 

"Salbuespeneko" politikak beste osagai batzuk dituela esan dute Etxarriko Sarek eta Etxeratek: "1995. urtetik legez zegozkien erredentzioak ukatzen hasi zitzaizkien euskal presoei, legean baldintzapeko askatasuna eskuratzeko zehaztuta dauden baldintzak sistematikoki ukatu zitzaizkien, Aznarren gobernuaren ekimenez onartu zen zigorren epe muga 30 urtetik 40 urtera luzatu zuen". 2006. urtetik aurrera Etxarriko preso baten izena hartu zuen dotrina ezarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenak: Parot Dotrina. Lege honen bidez "artifizialki" presoen espetxe zigorrak luzatu zituzten, Europak "nahikoa da" esan zuen arte.

Europatik etorritako aginduak, aldiz, Espainiako Gobernuak "hankapetik pasatzen" dituzte: "Frantzian betetako zigorra kontutan ez hartzeko egin dituzten trikimailuak eta Atristrain kasuaren ondorioa izan beharko lukeen torturan oinarritutako zigor epaien errebisioari desobedientzia jarrera lotsagabe batekin erantzun izanak erakusten duen bezala". Etxarriko bi presoei "asmatutako frogak medio" beraien kontra auzi berriak ireki zizkieten, "mendeku goseari bidea emateko". Europako irizpideak gauzatuko balira, "egun Etxarriko preso guztiak etxerako bidean leudeke".

Osasuna eta heriotza

1981. urtean Juan José Crespo GRAPO erakundeko kidea gose greban hil zen Herreran preso zegoela eta 1985. urteko ekainean Joserra Goikoetxearen heriotzarekin espetxe politikaren hildako presoen "zerrenda beltza" ireki zen, "2020an hil zen Jorge Gonzalez presoaren heriotzarekin 37 hildakoen kopuru beldurgarriraino iritsi arte". Zerrenda beltz horretan Pello Mariñelarena Imaz etxarriarra 1993an Parisko espetxe batean hil zena, osasun arreta faltagatik. Dispertsioaren politikaren ondorioz errepideetan hamasei presoen senide eta lagun hil dira. 

Osasuna eta bizia galtzeko "mehatxua" erabili izan dira presoa "zigortu eta menderatzeko". Giza Eskubideen aldeko nazioarteko hitzarmenetan jasotako dago gaixotasun larriak dituzten presoekin nola jokatu behar den, hala ere, kartzelan "osasun arreta faltak" egon dira: "Etxarriko preso batek bizia espetxean eman zuen, Bautista Barandallari larriki gaixo egoteagatik zegokion askatasuna ukatu eta zigorra luzatu zioten. Gerora Europak indargabetu zuen zorigaiztoko dotrina".

Elkartasuna

Dispertsioaren politikaren "atal esanguratsu" bat da presoei bisitak egiteko lagun eta herritarrei jarri zaizkien oztopoak. "Hasieran edozein joan zitekeen bisitan tramite arin batzuk beteta. Gerora, Madril eta Parisen baimen zuzena behar zuen bisitari bakoitzak". Madrilen kasuan, gainera, hamar lagunera murriztua egon da presoa bisitatu zezaketenen zerrenda. "Asko izan dira arrazoi batengatik edo bestearengatik presoak bisitatzeko aukera debekatuta izan duten herritarrak". Etxarri Aranazko Udalak bisita ofizialak antolatu izan zituen, Madriletik komunikazio leiho hori itxi zuten arte. 
Mobilizazioak, diru bilketak, txandak txosnetan, zozketak, elkartasun ekimenak, bazkariak, kontzertuak, banderolak, martxak, kontzentrazioak, itxialdiak, baraualdiak, bisitak, eskutitzak, margoketak, bertso saioak eta bertsoak, mozioak, bide mozketak... "Burdin harresien aurkako borroka hau irabazbidean jartzeko, indar erabakiorra izan da herritik egin dena, egiten ari dena. Denon artean aurrera egiten ari gara".