XII. Altsasuko Duatloiak ibilbide berria mustu zuen. Iortia aurreko plazako obrak direla eta, plazan kokatu zen trantsizio gunea. Plaza izan zen probaren erdigunea, bertan baitzegoen ere irteera eta helmuga. Proba ikustera hurbildu ziren gehienek aldaketa gustuko izan zuten. Bai trantsizio gunearena, eta baita bizikleta tartea, guztiz aldatu baitzen.
Ibilbide berria, gustukoa
15:30ean abiatu ziren emakumeak eta 5 minutu geroago gizonak. 100 duatleta guztira. Ordurako zerua ilundu zen, baina oraindik ez zen euritan hasi. Korrikako ibilbidean hasieratik Hiru Herri taldekoak kokatu ziren buruan, Mikel Astiz ihabardarra eta Ander Eslava bere taldekidea buru zirela. Zirkuituari bi buelta emanda 5 km osatu ondoren, plazan bizikleta hartu eta probaren bigarren tarteari ekin zioten. Aurtengoa, ibilbide berria zen: Olazti aldera jo zuten txirrindulariek, ezkerretara sartuz Altamira igo, Olaztin jaitsi eta Altsasura heltzeko. Altsasun, Garcia Ximenez kalean, Alaska etxearen parean 180 graduko buelta hartu (duatletak ziztu bizian iristen ziren bertara eta frenatzeko nahikoa lan izan zuten batzuek), eta atzera ere ibilbide bera errepikatu behar zuten (20 km). Hain justu ere, tarte honetan lehertu zen ekaitza eta euri jasa.
Altamiran euria eta hotza pasa zuten duatletek, eta horrek proba izugarri gogortu zuen, Altamira bitan gainditu behar baitzuten. Mikel Astizek orduan jo zuen erasoa eta bere taldekide Ander Eslavari tartea ateratzea lortu zuen. Altsasura helduta, bizikleta utzi eta azken tarteari ekin zion, 2,5 kilometroko korrikaldiari. Ihabardarrak aldea ongi kudeatzen jakin zuen, eta bakarrik iritsi zen helmugara, txalo artean (1:00:36). 39 segundo atera zizkion Ander Eslava taldekideari (1:01:15), eta 1:31 Biosnar Hondarribi taldeko Francisco Javier Soduperi (1:02:07). Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate Top 10ean sartu zen, hamargarren sailkatu baitzen (1:04:08).
Emakumezkoetan lesio batetik osatzetik bueltan zegoen Nuria Rodriguezek (Hiruki Valle de Egües) bizikletaren tartean aurreratu zuen Nerea Calvo (Lea La Blanca), eta helmugara bakarrik iritsi zen (1:12:30). Minutu bat eta 28 segundo atera zizkion Calvori (1:13:58). Hiru Herriko Lorea Burgetek osatu zuen podiuma (1:14:30).
Bukatzeko, erreleboetan Iban Urkia eta Xabier Sanchez gailendu ziren (54:49), Xabier Mazkiaran eta Adrian Claver altsasuarren aurretik (1:06:08).
Sari ematea euripean egin zen. Saritutako guztiak pozik zeuden eta baita Sakana Triatloi Taldeko antolatzaileak ere, inolako ezbeharrik gertatu ez zelako. Bota zuen zaparrada kontuan hartuta, kontentu egoteko modukoa.
Sakandarrak XII. Altsasuko Duatloian
Gizonak
1. Mikel Astiz 1:00:36
10. Sergio Garcia Eulate 1:04:08
19. Juan Luis Maiza 1:06:39
20. Iñaki Alvaro 1:06:45
21. Fco. Javier Gomez 1:06:50
22. Antton Zelai 1:07:02
26. Ruben Garcia 1:07:50
38. Juan C. Gomez 1:12:23
39. Jose Ignacio Mikeo 1:12:28
52. Xabier Borrega 1:14:58
61. Peio Vergara 1:28:40
Emakumeak
1. Nuria Rodriguez 1:12:30
9. Marta Diego 1:33:40
Erreleboak
1. Ibai Urkia / Xabier Sanchez 54:49
2. Xabier Mazkiaran / Adrian Claver 1:06:08
4. Isidro Asurabarreana / Ivan Sobredo 1:07:02
"Portuan eraso behar nuen, eta hala egin dut"
Mikel Astiz Erro Duatleta
"Hasieratik talde txiki bat sortzen saiatu naiz. Ander Eslava taldekidearekin entrenatzen dut, eta banekien portuan arriskatu eta eraso behar nuela. Eta hala egin dut. Altamirako bigarren itzulian sekulako zaparrada bota du, eta kontuz ibili gara. Ibilbide berria izugarri gustatu zait, eta hobeki doakit. Hurrengo erronka Arbizu da. Pixka bat nekatuta nago, baina saiatuko gara. Iaz hirugarren izan nintzen, ea aurten zer gertatzen den.
"Ibilbide berria gehiago gustatu zait"
Nuria Rodriguez Sanchez Duatleta
"Duatloian hasi nintzenean Altsasun hasi nintzen, baina aspaldi ez nintzela etortzen. Ibilbidea aldatu dute, eta gehiago gustatu zait. Nik uste dut halako distantzia motzetan gune indartsu bat egon beharra dagoela, eta Altamirako bi igoerak primeran daude. Ez nuen irabaztea espero, bikian haustura txikia izan nuelako eta ez nekielako gorputzak nola erantzungo zidan. Oso pozik nago. Errekuperatzen banaiz, Arbizuko Duatloian parte hartuko dut.