Josu Zabala: herriak behar du egia

Erabiltzailearen aurpegia Aritz Igoa Goñi eta Amaia Erdozia Anso 2023ko mar. 27a, 09:48

Martxoaren 24ean sei urte, Josu Zabala Salegi etxarriarraren gorpua Punta Mendata parajean agertu zen, bularrean tiro bat zuela. Geroztik jakin izan dugun gauza bakarra da Instituzio ezberdinek zabaldu zuten suizidioaren bertsioak ez duela aurkitu gainditzen diren frogen azterketa. Josuren EGIA ezkutuan dago.  

Egia jakiteko eskubidea nazioarteko zuzenbidean dagoen eskubidea da. Eskubide horren titularrak, alde batetik, Giza eskubideen urraketa pairatu duten herritarrak dira, eta bestetik, giza eskubideen urraketa horien biktima izan diren kolektibitateak, HERRIA. Eskubide horren zorduna Estatua da. Estatuen gain dagoen ardura da gertatu diren giza eskubideen urraketak ikertzeko eta berauen ondorioak aitortu eta erreparatzeko nahikoa bitartekoak bideratzea. Honetan ere, Espainiako Estatuak bere ardurari izkin egin nahi dio. Gatazka politiko bat dagoela ez du aitortu nahi; gatazka horretan Estatuak berak modu bidegabe eta legez kanpo jokatuz herritarren  eskubideak urratu dituela ez du aitortu nahi; eta gainera, gertatutako guztiaren ardura besteei leporatu nahi die.    

Tamalez, Josurena ez da herri honi ukatzen zaion egia bakarra.  Hilak, zaurituak, torturatuak, bahituak, kolpatuak izan diren milaka eta milaka herritarren egia ukatzen zaigu. Finean, ukatu nahi digutena da hemen izaera politikoa duen gatazka bat dagoela eta gatazka horretan gertatutako eskubide urraketa guztien egia jakiteko, berauen ondorioak aitortu eta erreparatzeko bitartekoak jarri behar direla. Eta Estatuari dagokiola aitortza hori egitea eta bitarteko horiek jartzea. Estatuari eta ez beste inori.
Egiaren bidean  igandean Etxarri Aranatzen eginen dugun ekitaldian parte hartzera animatzen zaituztegu.