Futbola

Preferenteak 6 puntu eder utzi ditu Sakanan

Guaixe 2023ko mar. 28a, 12:20

Lagun Artearen partida bat. ARTXIBOA

Altsasu ongi ibili zen Dantzalekun, Etxarri Aranatzek Aibarés arerio gogorra izan zuen aurkari eta Lagun Arteak denboraldiko bere bigarren garaipena lortu zuen

Preferente mailako 25. jardunaldiak bi garaipen eta porrot bat utzi ditu Sakanan. 

Altsasuk Valle de Egües B taldea hartu zuen larunbatean, marsuaren 25ean Dantzalekun. Bi arerio zuzenen arteko partida zen, Altsasu zortzigarren baita sailkapenean eta Iruñerriko taldea zazpigarren. Eta, jakina, partida oso borrokatua izan zen. 28. minutuan Xabier Aiestaranek Altsasu aurreratu zuen eta abantaila horrekin despeditu zen lehen zatia. Bigarren zatian Altsasu garaipena indartzen saiatu zen eta Valle de Egües B taldea, aldiz, partida berdintzen, baina bi taldeek ez zituzten gol aukerak gauzatu eta markagailua ez zen mugitu. Horrela, 1 eta 0 irabazita, 3 puntuak Altsasun geratu ziren. 

Etxarri Aranatz, aldiz, punturik gabe itzuli zen Oibartik. Aibarés hirugarren postuan zegoen, sailkapenean igotzeko aukerekin, eta dena ematera atera zen hasieratik. Zortzigarren minuturako lehen gola sartu zuten oibartarrek, eta 26. minutuan egin zuten bigarrena. Bigarren zatia hasi eta berehala, hirugarren gola egin zuen Aibarések. Etxarri Aranatzek, hala ere, ez zuen behera egin eta ahal zuen moduan eutsi zion. 68. minutuan Darling Geovanny Quezadak etxarriarren lehen gola sartu zuen. 3 eta 1. Zorigaiztoko jokaldi baten ondoren Etxarrik ate propioan gola sartu zuen eta 4 eta 1 aurreratu zen Aibarés, eta 2 minutu beranduago Quezadak etxarriarren bigarren gola egin zuen, markagailua makillatu zuena. Ez zen gehiagorako tartea egon eta 4 eta 2 galduta itzuli ziren etxarriarrak Oibartik. 

Lagun Arteak Doneztebe hartu zuen Zelai Berrin eta aspaldiko partez garaipen batez gozatzeko aukera izan zuten lakuntzarrek. Partida berehala maldan gora jarri zitzaion Lagun Arteari, lehen minutuan Doneztebek gola sartu zuelako, baina lakuntzarrek ez zuten behera egin eta 10 minutu beranduago Unai Zubiriak bana berdindu zuen. Berdinketak bi taldeak astindu zituen baina tarte horretan finago ibili ziren lakuntzarrak, 29. minutuan Iker Anduezak sartutako golari esker 2 eta 1 aurreratu baitzen Lagun Artea. Bigarren zatian bi taldeen arteko lehia biziak jarraitu zuen, eta 76. minutuan bina berdindu zuen Doneztebek. Lagun Arteak ongi eutsi zuen, bere buruan sinistu zuen eta partida bukatzear zela, azken minutuan garaipenaren gola sartu zuen Yonatan Davilak, Lakuntzan hiru puntu eder utzi zituena. Garaipenak, denboraldiko bigarrenak, kemena eta adorea eman dio taldeari. 

Sailkapena
Sailkapenean Amigo taldeak jarraitzen du lider (56 puntu), 4 puntura sailkapenean postu bat gora egin duen Aibarés taldea duela (52 puntu). Altsasuk zortzigarren jarraitzen du (36 puntu), Etxarri Aranatz hamazazpigarren postura jaitsi da (16 puntu) eta Lagun Arteak hemezortzigarren postuan jarraitzen du, azkena (13 puntu). Datorren jardunaldian Donezteberen kontra jokatuko du Altsasuk Iñaki Indart futbol zelaian, Etxarri Aranatzek Amigo liderra hartuko du San Donaton, eta Lagun Arteak sailkapenean hirugarren den Beti Casedano izango du aurkari, Casedan.