Asteburuan Hirugarren Mailako Areto Futbol Txapelketako 20. eta azken jardunaldia jokatu zen. Garbayo Chivite Cintruenigo taldea izan da ligako irabazlea (43 puntu), Gazte Berriak taldeari 2 puntu aterata (41 puntu). Aralar Mendik zazpigarren despeditu du liga (33 puntu) eta Ibararte Xotak zortzigarren (27 puntu).
Jon Iribarren, pitxitxia
Uharte Arakilgo Aralar Mendik Anaitasuna zuen aurkari azken jardunaldian, baina partida aurretik jokatu zuten, marsuaren 21ean, eta Aralar Mendik gol festa ederra ospatu zuen, 1 eta 7 irabazi baitzuen. Ibararte Xotak, aldiz, atseden jardunaldia zuen. Liga hasiera pixka bat kaxkarra izan zuten bi taldeek, baina gero gora egin eta goiko postuetan sartzea lortu zuten. Beraz, pozik despeditu dute liga erregularra, batez ere Aralar Mendik, bere jokalari Jon Iribarren Igoa pitxitxi edo golegile onena izan delako, 28 gol sartu baititu, Ablitas taldeko David Arriazu bigarrenak baino hiru gol gehiago (25 gol).
Liga bukatuta, Hirugarren Mailako Kopari ekingo diote. Kopak sei jardunaldi izango ditu guztira. Lehen jardunaldian Garbayo Chivite Cintruenigo ligako txapelduna izango du aurkari Aralar Mendik. Partida ostiralean, marsuaren 31n jokatuko da, 20:30ean, Cintruenigoko kiroldegian. Ibararte Xotak, aldiz, San Juan izango du aurkari oraindik zehaztu ez duten ordutegian.