1.345 sakandarrek Nafarroako Parlamentuko eta Udaletako hauteskundeez aparte, kontzejuak osatzeko hauteskundeak dituzte maiatzaren 25ean. Aizkorbek kontzejurik ez duenez eta bere eskumenak Arakilgo Udalak kudeatzen dituenez, 15 kontzeju berrituko dira maiatzeko azken igandean. 15 kontzejuak osatzeko 55 hautetsi aukeratu beharko dituzte. Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu bidez, kontzejuetako hauteskundeak deitu ditu dagoeneko.
Kontzeju bakoitzeko biztanleriaren arabera hautetsi gehiago edo gutxiago aukeratzen dira. Hala, 50 biztanle baino gutxiago dituzten herrietan kontzeju irekia osatu eta presidentea aukeratuko dute. 50 eta 999 biztanle arteko herrietan kontzejuko presidentea eta lau bokal aukeratuko dituzte. Mila biztanletik gorako kontzejuetan, berriz, presidentea eta sei bokal aukeratzen dira.
Boto txartelak
Maiatzeko hauteskunde hitzorduan Nafarroako Parlamenturako boto paperak eta gutun azalak sepia kolorekoak izango dira. Udal hauteskundeetakoak, berriz, txuriak. Eta, azkenik, kontzejuetakoak berde kolorekoak. Eremu euskaldunean eta mistoan eredu guztiak elebidunak izanen dira, eta eremu ez-euskaldunean, berriz, gaztelaniazkoak.
Azkenik, maiatzaren 28an hauteskunde mahaiak osatuko dituzten pertsonendako jarraibideen eskuliburua onartu du Nafarroako Gobernuak. Jarraibide horiek udalek apirilaren 29tik maiatzaren 3ra bitartean eginen duten zozketatik etorriko dira. Eskuliburuak gaztelaniazko eta euskarazko bertsioak ditu.
Kontzejuetako 2023ko hauteskundeak | |||
Udalerria | Kontzejua | Biztanleak | Hautatu beharrekoak |
Arakil | Egiarreta | 84 | Presidentea eta lau bokal |
Ekai | 37 | Kontzeju irekiko presidentea | |
Errotz | 67 | Presidentea eta lau bokal | |
Etxarren | 159 | Presidentea eta lau bokal | |
Etxeberri | 61 | Presidentea eta lau bokal | |
Hiriberri Arakil | 118 | Presidentea eta lau bokal | |
Ihabar | 129 | Presidentea eta lau bokal | |
Izurdiaga | 169 | Presidentea eta lau bokal | |
Satrustegi | 55 | Kontzeju irekiko presidentea | |
Urritzola | 17 | Kontzeju irekiko presidentea | |
Zuhatzu | 44 | Kontzeju irekiko presidentea | |
Ergoiena | Lizarraga | 168 | Presidentea eta lau bokal |
Dorrao | 119 | Presidentea eta lau bokal | |
Unanu | 86 | Presidentea eta lau bokal | |
Etxarri Aranatz | Lizarragabengoa | 32 | Kontzeju irekiko presidentea |