Mank-ek euskara hutsezko udalekuetako egonaldiak diruz lagunduko ditu

Guaixe 2023ko api. 17a, 08:42

Haurrak eta helduak Bakaikuko Gaztain Npzte Egunean. ARTXIBOA

Euskara hutsezko udalekuetara joaten diren haur eta gazteei zuzendutako dirulaguntzak emanen ditu, baldin eta egonaldiak udako oporretan eta 5 eta 15 egun arteko iraupena badute. Eskabideak irailaren 30era arte egin daitezke.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak haur eta gazteen artean udan euskarazko aisialdia sustatu eta opor garaian hizkuntzaren erabilera bermatzeko eta bulkada emateko deialdia egin du. Haren bide euskara hutsezko udalekuetara joaten diren haur eta gazteei dirulaguntza emanen die.  Guztira laguntzetan 9.000 euro banatuko ditu ibarreko erakundeak. Eskatzaile bakoitzak gehienez 125 euro jasoko ditu. 

Eskaerak egiteko eskabide ofiziala beteta aurkezteaz aparte, alde batetik aitorpena aurkeztu beharko da. Haren bidez, helburu horretarako administrazio publikoei edo entitate pribatuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntza guztiena. Adierazi beharko da eskaerak ebazteke edo ebatzita dauden; azken kasu horretan, kontzesioari buruzko ebazpenaren kopia erantsiko da. Horrekin batera, udalekura joan denaren aitaren, amaren edo tutorearen nortasun agiriaren fotokopia. Bestetik, udalekura joan denaren errolda-agiria, hilabeteko antzinatasuna duena gehienez ere. Ziurtagirian eskatzailea noiztik dagoen udalerri horretan erroldatuta agertu beharko da. Aurkeztu beharreko agirien artean dago ere udalekuari buruzko ezaugarriak (iraupena, hizkuntza, egitaraua) zehazten dituen dokumentua (entitate antolatzaileak izenpetua) edo publizitaterako erabili den euskarria. Beharrezkoa da ere udalekua antolatu duen entitateak izenpeturiko asistentzia egiaztagiria aurkeztea. Azkenik, eskatzaileak udalekuaren gastu osoa ordaindu izanaren ordainagiria(k) aurkeztu beharko dira. Familia bateko kide batek baino gehiago udalekuetara joaten badira, eskabide bakarra aurkeztu beharko du familiak edo tutoreak. Guztia Mank-en Lakuntzako egoitzan edo haren egoitza elektronikoan aurkez daiteke.

Mank-en webgunean, www.sakana-mank-eus, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako udaleku eskaintzaren berri dago. Deialditik kanpo daude, batetik, Mank-ek zuzenean zein zeharka kudeatutako udalekuak, baita Mank-en bestelako dirulaguntzaren bat jasotzen dutenak ere. Bestetik, txango eta bidaiak. Eta, azkenik, barnetegi erregimena eskatzen ez duten kirol campusak, hiri udalekuak edo udaleku irekiak.