Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko Osasun Kontseiluaren bileran parte hartu zuen Nafarroa Iparraldeko Lehen Mailako Arretako eta Asistentzia Jarraitutasuneko zuzendariorde Susana Miranda Alkotzek martxoaren 29an. Mirandak jakinarazi zuenez, apirilaren 4an, asteartearekin, pediatra bat lanean hasiko da Altsasuko osasun eskualdean. Gaur osasun etxean ez da pediatrarik izan eta esan dutenez, heldu den astean hasiko omen da lanean.
Zehaztu zuenez, pediatrak asteko lanaldi osoa astelehenetik asteazkenera eginen du. Beraz, ostegun eta ostiraletan ez da pediatria zerbitzurik egonen. Dagoeneko langileak kontratua sinatu omen du. Bilkuran izan ziren hiru udaletako ordezkariek, osasun etxeko langileek, pediatria zerbitzua eskatzen duten amek eta Sakanako Osasunaren Aldeko Plataformako kideek jakin zuten ere etorriko den pediatra ez dela euskalduna.
Osasun eskualdeari dagozkion pediatra eta erdi plazak betetzeko eskatuz, otsailaren 24az geroztik, ostiralero, kontzentrazioak egiten ari dira guraso talde batek deituta. Bilkurak sustatzen dituen taldeko ama batzuk asteazkeneko bileran izan ziren eta mesfidati atera ziren. Izan ere, antzeko baldintzetan pediatra bat martxoaren 13an lanean hasiko zela iragarri baitzen. Baina halakorik ez zen gertatu. Gainera, pediatra bakarra etortzea konponbide eskasa dela uste dute. Osasun eskualdeak pediatra gabe hiru hilabete pasa darama.
Plataformako ordezkariek ziurtatu zutenez, “pediatra falta haurren eta, bereziki, jaio berrien osasunerako oinarrizko eskubidearen urraketa da. Bizitzako lehen asteetan egiten diren azterketak funtsezkoak dira patologia posibleen detekzio goiztiarrerako, batzuetan gaitzak antzeman, prebenitu eta tratatzeko aukera ematen dutelako. Horiek ez egiteak, zenbait kasutan, bizitza arriskuan jartzea edo bizi guztirako gaitz bat izatea ekar dezake”. Horretaz aparte, Iruñera pediatrarengana joateak gurasoei eta umeei eragiten dien guztia ere salatu zuten plataformako kideek.
Idatzia
Osasun Kontseiluan plataformak aurkeztutako idatzia Nafarroako Gobernuari eta Osasunbideari bidaltzea onartu zuten. Hartan, pediatriako plaza eta erdi betetzeko eskatzen da batetik. Bestetik, sei medikuen plazak betetzeko exijitzen da. Izan ere, egunaren arabera 5 edo 6 sendagile izaten dira osasun eskualdean. Gaur egun bi mediku plaza beteta daude eta gainontzeko lauak aldian behingo medikuek betetzen dituzte. Mirandak jakinarazi zuenez, barneko mediku egoiliar bat bere prestakuntza bukatu eta garilean hasiko da osasun eskualdean lanean. Plataformako kideen iritziz, “urteak dira profesionalen plazak betetzen ez direla. Horrek zaildu edo ezinezko bihurtzen du osasunerako eskubidea. Gainera, medikuendako eta erizainendako lan gainkarga dakar; erizainek beste lan batzuk ere egin behar izaten dituzte”. Plataformakoak kexu dira “profesionalen etengabeko errotazioak lehen arretaren prekarizazioan sakontzen duelako, horrek profesionalaren eta gaixoaren arteko erlazioa moztu egiten duelako”. Horregatik, errotazio horrekin bukatzea exijitu zuen.
Plataformako kideek aurrean dugun egoerarekin ere kezkatuta gaude. “Mediku batek amatasun baja hartuko du. Luzeak dira halako bajak. Eta berehala oporrak heldu dira. Profesionalen bajak eta oporraldiak ez badira ordezkoekin betetzen, hemendik aurrera osasun eskualdearen egoerak okerrera eginen du”.