Arbizuko eta Altsasuko udalek Adavanek, Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntzarako eta Defentsarako Elkarteak, aurkeztutako mozioa onartu dute. Udalerrietatik amiantoa kentzeko, lehenik eta behin, haiek dauden tokien zentsua urte akaberarako egina izatea eskatu dute. Horretan Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean ariko lirateke. Legez, 5.000 biztanletik gorako herriak daude behartuta zentsua 2028rako egitera. Amiantoa non dagoen zehaztu ondoren, hura eraikin publikoetatik kentzeko udalek eta Nafarroako Gobernuak plana egitea eskatzen du mozioak. Udal eraikinetatik amiantoa kentzeko lanak 2028a baino lehen hastea eskatu du Adavanek. Nafarroako Gobernuak amiantoa kentzeko plana onartua du eta Adavanek eskatu du hura gauzatzeko aurten 24 milioi euro bideratzea.
Onartutako mozioan, bestalde, Adavanek eskualdeko osasun zerbitzu publikoen elkarlana eskatu du. Osasun profesionalen bidez jendartea informatu eta sentsibilizatu nahi dute amiantoa modu ziur batean kendu behar dela. Aldi berean, Osasunbideari eskatu diote amiantoaren eraginez sortutako gaitzak azkar antzemateko informazioa zabaltzea eta sentsibilizazio lana egitea. Azkenik, Adavanek udalei eskatu die obretarako lizentziak ematerakoan lan arrisku planak bete daitezela, horretarako administrazio publikoek elkarlanean aritzea eskatu du.
Europatik aginduta
XX. mendeko 70eko hamarkadatik 90ekora amiantoaren erabilera handia izan zen. 30-50 urteko bizitza erabilgarria du eta bere latentzia periodoa 20-40 urtekoa da. Harekin lan egin edo amiantoarekin harremana izan zuten gizon-emakume asko gaixotu eta hil dira. Europar Batasunak amiantoaren erabilera debekatu zuen 2001ean. Europar Batasuneko herrialdeak behartuta daude amiantoa kentzera 2032 urterako. Nafarroako lantegi, ikastetxe, eraikin publiko eta abarretako teilatuetan (uralitan) sei milioi karratu daude, eta 526 km luzera kanalizazioetan (ur sareak, ur beltzak, ureztatzeko sareak, beherako hodiak...).
Aurreko Nafarroako Gobernuak amiantoa kentzeko plan zuzentzailea egin zuen. Europako agindua betetzeko gutxienez 240 milioi euro beharko zirela kalkulatu zuen foru administrazioak. Estatuan aitzindaria izan zen plana baina legegintzaldi honetan kaxoi batean sartuta izan dute. Adavaneko kideen kezka da denbora aurrera doala eta planaren ezarpena atzeratuz gero administrazioek ez dutela betarik izanen agindutakoa betetzeko. Eta horrek amiantorekin kontaktuan egoteko aukera, eta, ondorioz, gaixotzeko aukera handituko duela.
Nafarroako Gobernuak dirurik ez zegoela argudiatuta, amiantodun materialak identifikatu eta kudeatzen ikasteko 65.000 euro bideratu zituen 2021ean, ezer gehiago. Adavaneko kideek planari bulkada ematea eskatzeko Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrena presidente ordearekin elkartu ziren abenduan. Hark aipatu zien Hitzarmen Ekonomikoagatik estatuak 137 milioi bueltatu zizkiola Nafarroari. Aierdik jakinarazi zien gobernuari proposatuko ziola diru horren zati bat amiantoa kentzeko planera bideratzea. Adavanekoek uste dute aurten 24 milioi euro beharko liratekeela.