Joan den urteko marsuaren 19an Noelia Fundazioaren aldeko erronka solidarioa egin zuen Kepa Gordo mendi korrikalariak Uharte Arakilen. Gordo eta alboan zituen Alatz Agirre eta Ander Unzurrunzaga zortzi aldiz igo ziren Aralarrera, eta antolatutako ekitaldietan 7.850 euro lortu ziren, kolageno VI defizitagatik jaiotzezko muskulu-distrofia dutenen alde Noelia fundazioak sustatzen duen ikerketarako.
Urte bat beranduago Kepa Gordok beste erronka solidario bat egingo du Uharte Arakilen. Aurtengoa Esklerosi Anizkoitz Nafarroa Elkartearen (ADEMNA) aldekoa izango da, eta larunbatean goizetik arratsaldera Uharten antolatutako ekitaldietan (ikus agenda) lortutako dirua elkarteari bideratuko zaio. "EITBko Maratoia ikusten, esklerosi anitza duten pertsona asko kirolaren mundukoak zirela konturatu nintzen. Ekarpena egiteko asmoz Esklerosi Anizkoitz Nafarroa Elkartearekin jarri nintzen harremanetan, exoeskeletoa erosteko duten kanpainaren berri izan nuen, eta euren aldeko erronka solidarioa antolatzea erabaki nuen, egitasmoa gizarteratu eta diru bilketa egiteko" azaldu du Kepa Gordok.
Anaia gogoan
2022an zortzi aldiz igo zen San Miguelera, eta aurten beste bat gehiago egiten saiatuko da. Bederatzi igoera guztira. "Indartsu sentitzen naiz. Entrenamenduak ongi doaz eta inoiz baino gogotsuago nago, nire anaia ere presente izango dudalako. Abenduan zendu zen, eta bera ere korrikalaria zen aldetik, badakit ekimena gustatuko litzaiokeela. Hau ere berarengatik egiten dut" dio.
Sakandarrei ekarpena egiteko gonbita
Gordok goiz hasiko du erronka, 6:00etan. Dantzaleku Sakana bere klubeko kideak izango ditu laguntzaile. Igoera eta jaitsiera bakoitza "ordu bat eta 20 minutu inguruan" egiten du, eta bederatzi igoeratan denbora horretan ibiltzea aurreikusten du "bestela ezinezkoa delako". Lanak bukatuta kiroldegira 18:00etan iritsiko dela aurreikusten da. Gordo "oso babestua" sentitzen da. "Uharte Arakilgo Udalaren, ekimenean parte hartuko duten taldeen eta boluntarioen laguntza eskertzekoa da. Sakandar guztiak Uhartera hurbiltzera animatzen ditut, euren ekarpena egitera, ADEMNA-k exoeskeletoa erosi ahal izateko.