Aralar Zaindu Dezagun plataformako kideek eskerrak eman dizkiete manifestazioan parte hartu zuten guztiei eta modu batean edo bestean hura bulkatu zuten guztiei. Mobilizazioaren deitzaileek Lekunberrin larunbatean esandakoa berretsi dute: "zentzugabekeria hau gelditzeko garaiz gaude, eta herritarrek emandako babesarekin espero dugu Nedgiak, Nafarroako Gobernuak eta Lekunberriko Udalak entzun egokia emanen dutela eta gatazka konpontzeko borondatea azalduko dutela". Plataformako kideek gaineratu dutenez, "alderdien arteko elkarrizketaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu, eta askotan eskatu dugun moduan, aukera guztiak behar bezala baloratu behar direla uste dugu".
Plataformako kideek berretsi dutenez, "Aralartik pasa nahi den gasbide horrek ondorio kaltegarriak izanen lituzke gure ekosisteman". Lanak egitearen ondorioak ere zerrendatu dituzte: 6.000 zuhaitz baino gehiago moztu beharko lirateke (pagoak, haritzak...), flora, fauna eta habitat babestuei kalte egingo lieke, eta kobazulo, akuifero eta monumentu megalitikoak arriskuan egon litezke. "Eta hori ez da onargarria", laburbildu dute. Horregatik, "arazo honi irtenbidea bilatzeko lanean jarraituko" dutela gaineratu dute, "Aralar eta gure natur ingurua daukagun altxorretako bat da eta ezin dugu suntsitzen utzi".