Marsuaren 26an Nafarroako Herri Kirol Jokoen laugarren jardunaldia jokatu zen mukuru beteta zegoen Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan. Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako taldeek eta Igantzi, Antsoain, Basaburua, Berriozar, Paz de Ziganda eta Araxes klubetako taldeek zuten guztia eman zuten. Proba konbinatuetan 41 talde lehiatu ziren eta, sokatiran, hamaika.
Kadeteen txapelak, erabakita
Kadeteen mailan azken jardunaldia hartu zuen Etxarrik. Jokatutako lau jardunaldien emaitzak kontuan hartuta, proba konbinatuan Igantzi izan zen Nafarroako txapelduna, Araxes eta Antsoain taldeen aurretik. Andra Mari bosgarren sailkatu zen.
Kadeteen sokatira txapelduna Andra Mariko Hotsein taldea izan zen (14,5 puntu), Antsoain (14,5 puntu) eta Iñigo Aritza (12 puntu) taldeen aurretik. Andra Marik, Iñigo Aritzak eta Antsoainek txapelketan izan zuten lehia oso estua izan zen, baina euren arteko tiraldietan Andra Mari gailentzen zen, eta horrek erabaki zuen txapela.
Kimuen eta haurren mailetako proba konbinatuen eta sokatirako txapelak apirilaren 2an jokatutako Igantziko finalean erabaki ziren.